Kolektibo berrietara zabalduko dira beharrak jasotzeko telefono deiak

2020/03/30
Card image cap
Guraso bakar direnei deika hasiko dira astean

  Bakarrik bizi diren adinekoei deitu zitzaien hasieran eta 70 urtetik gorakoei ondoren. Orain arte 1.800nen bat oñatiarrei deitu zaie udaletxetik zelan dauden eta laguntzarik behar ote duten galdetzeko. Bide batez, laguntzarako telefono zenbakia jakinarazi zaie, 688 886 519, hain zuzen ere. Orain, laguntza beharra izan dezaketen kolektibo berriak identifikatzen ari dira eta astean zehar, guraso bakar direnei deitzen hasiko dira.

  Ekimenak oso harrera ona izan du herritarren artean eta gehienok familia edo bizilagunen laguntza eta babesa badu ere, batzuk hasi dira boluntarioz osatutako zaintza sarea erabiltzen. Izan ere, konfinamendu egoera luzatuz doa eta hasieran aurreikusi ez ziren beharrak sortzen ari dira.

  150 bat herritarrek osatzen dute boluntarioen zaintza sarea. Pasa den astean dozena bati deitu zitzaien zerbitzuren bat bete zezaten: okindegi, arrandegi edo beste dendaren batera joateko, anbulatoriotik botika jasotzeko edo konpainia deiak egiteko. Bakarrik bizi diren herritar batzuek horixe eskatu baitute, tarteka norbaitekin berba egin ahal izatea.

  Laguntza behar duen herritarrak udaletxera deitu eta zer behar duen azaltzen du. Helbidearen arabera, inguruan bizi den boluntarioren batekin jartzen dira harremanetan eta mandatua egin ote dezakeen galdetzen zaio. Hala bada, enkargua edo dena delakoa egin eta herritarren etxera eramaten du, tinbrea jo eta atarian uzten dio, jaso dezan. Boluntario eta herritarraren artean ez dago diru transakziorik. Boluntarioak ordaintzen du, udalari jakinarazi eta honek ordainduko dio eta egoera normaltzen denean erabiltzaile bakoitzari dagokiona kobratuko dio udalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!