Koixkarko ermitan lapurrak sartu dira eta inguruko baserri batean ere saiatu dira

2022/02/24
Card image cap
Bidegorriko hainbat arketa ere desagertu dira azken egun hauetan

  Lapurretak Oñatira itzuli dira, udaltzain buruak jakinarazi duenez, eta jende gutxi dagoen lekuak hautatu dituzte lapurrek: Koixkar ingurua eta bidegorria, Fanderiatik Elorregirako tartean.

  Koixkar inguruko bizilagun batek Jesusen Bihotza ermitan sartu zireneko abisua eman zion atzo goizean Ertzaintzari. Bertaratuta kandelabro batzuk falta zirenaz ohartu ziren. Lapurrak identifikatu ahal izateko aztarnak jaso ziren. Ermitan ez ezik, inguruko beste baserri batetan ere sartzen saiatu ei ziren lapurrak, nahiz eta ez zuten lortu. Auzoetan pertsona edo ibilgailu ezezagunik ikusiz gero udaltzaingoarekin edo ertzaintzarekin harremanetan jartzeko deia egin du udaltzain buruak.

  Bidegorrian bestalde, burdinazko hainbat arketa eraman dituzte lapurrek. Fanderia atzealdeko arketa handi bat kendu dute eta Elorregirako tartean, bidearen aldamenean zegoen beste arketa bat ere bai. Fanderia atzealdekoak bideko zuloa estaltzen zuen eta arketa eramanda ingurua arriskutsu geratu zen. Zuloa egur batzuk jarrita estali zuten udaltzainek.

  Eramandako bi arketak burdinazkoak dira eta txatarra moduan saltzen dira. Bidegorriko arketak zorura lotuta egon ohi dira, jende askorik ibiltzen ez diren pasealekuetan bereziki, lapurtu ez ditzaten. Baina Fanderiatik Elorregirainoko tartean, lotu gabekorik baziren, nonbait, eta horiek eraman dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!