Klima aldaketa eta energia trantsizioari heltzeko Udalak egiten duen lana aitortu du Eusko Jaurlaritzak
Guztiak Alkateen Klima eta Energia Itunaren parte dira eta hamar urte baino gehiago daramatzate toki-eremutik klima aldaketaren eta energia trantsizioaren erronkak betetzeko ahaleginean. Udalerrien deskarbonizazioa bizkortzea, klima aldaketaren inpaktuetara moldatzeko gaitasuna handitzea eta herritarrek energia seguru, jasangarri eta eskuragarria izateko duten ahalmena indartzea dira 2050 urterako lortu nahi diren helburuetako batzuk. Horretarako, Energiaren Euskal Erakundearen eta Ihobe sozietate publikoaren lankidetza dute EAEn Alkateen klima eta energia itunaren sinatzaileek.
Donostiako Miramar Jauregian egin den ekitaldia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zuzendu du eta bere eskutik jaso dituzte bertaratutako 21 alkatek orain arte egindako lanaren aitortza diplomak. Alkateen klima eta energia itunera atxikitako euskal udalerrien ibilbidea balioan jartzeaz gain, energia eta klima berrikuntzaren alorrean toki-erakundeei zuzendutako bi laguntza lerro aurkeztu dira.
2021a urte esanguratsua izango da klima aldaketa eta energia trantsizioaren arloetan, azaroan, Nazio Batuen Klima Goi bilera egingo delako Glasgown eta 2015ean Parisen hartu ziren konpromisoak berrikusi eta helburu berriak zehazteko balioko duelako. Horri begira daude Eusko Jaurlaritza eta EAEko tokiko erakunde eta administrazioak.
Alkateen Klima eta energia itunera atxikiz aitzindari izan ziren udalerri eta alkateei egin zaien aitortza-ekitaldi honetan Oñatiko alkate Izaro Elorzak parte hartu du eta baita Abanto-Zierbena, Amurrio, Balmaseda, Basauri, Bilbo, Donostia, Durango, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Irun, Ispaster, Legazpi, Mungia, Muskiz, Portugalete, Sestao, Tolosa, Usurbil eta Gasteizko ordezkariek ere.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!