Kiroldegiko Uda Kanpainarako begiraleak kontratatzeko oinarriak aztertuko dira Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/03/23
Card image cap
Lan zerrendan 58 gai jaso dira

  Udako kirol kanpaina ekainaren 26tik abuztuaren 29ra luzatuko da. Bi hileko tarte horretan kirol aktibitate ugari eskainiko dira hainbat txandatan. Datorren astean egingo da behin behineko izen-ematea, astelehen, astearte eta asteazkenean. Ostegunean berriz, zozketa egingo da eta bertan zehazten den ordutegi eta egutegiaren arabera behin betiko izen-ematea apirilaren 3tik 7ra bete beharko da. Bitartean, kirol begiraleak kontratatzeko prozesua abian jarriko da. Gaur jada, begiraleak aldi baterako kontratatzeko oinarri arautzaileak zehaztuko dira.

  Apirilean abiatuko da baita ere, 2016ko Errenta Kanpaina. Foru Ogasunarekin iazko diru kontuak kitatzeko aitorpen kanpaina apirilaren 6tik ekainaren 26ra luzatuko da. Udalak, aitorpena euskaraz egitearen aldeko ekimena gauzatuko du beste urte batez. Errenta aitorpena euskaraz bete eta aurkeztera animatuz esku-orriak argitaratu eta etxeetara zabalduko dira. Kontzientziazio kanpaina honen inguruko argibideak arratsaldeko Gobernu Batzarrean emango dira.

  58 gai jaso dira gaurko bilerarako lan zerrendan. Aipatutako bi horiezaz gain, Garagardo Festa egiteko Aloña Mendi elkartearen eskaera, Txiki Txoko haurreskolako teilatua berritzeko lanen esleipena edota TAO ordenantzaren aldaketa proposamena eztabaidatuko dira, besteak beste.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!