Kiroldegiko saunaren erabilera-egutegia berriro aldatuko da ostiralean

2016/12/14
Card image cap
Ekainera arte zegoena berreskuratuko da erabiltzaileek hala eskatuta

  Ekainaren 15az geroztik, saunaren erabilera mistoko egunak gehiago izan dira, igandetan soilik izatetik ostiral, larunbat eta igandetan izatera pasatu zen. Dirudienez ordea, erabiltzaileak ez daude aldaketarekin gustura eta aurreko egutegia berreskuratzea eskatu diote Udalari. Gaia, Kirol Batzordeak aztertu da eta zerbitzu aldaketa berriro egitea onartu da. Etzi, ostiralean bertan sartuko da indarrean erabilera-egutegi berria. Horren arabera, astelehen, asteazken eta ostiraletan, saunaren erabilera emakumeek egin ahal izango dute. Astearte, ostegun eta larunbatetan, gizonezkoek eta erabilera mistorako gordeko den egun bakarra igandea izango da.

  Erabileraren araberako beste xehetasun batzuk ere zehaztu ditu Zubikoa kiroldegiak; erabilera unisex den egunetan, erabiltzaileak saunan bertan aldatu ahal izango dira baina erabilera mistoko domeketan ez, eta erabiltzaileek gune hezeko edo lehorreko aldagelak erabili beharko dituzte. Erabilera mistoko egunetan, bainujantzia jaztea derrigorrezkoa izango da eta bainujantzia erabiltzen ez den gainontzeko egunetan, higieneagatik, saunako hamaketan eseri edo etzateko toalla erabili beharko dela jakinarazi da.

  Ekainean egin zen aldaketaz orain galdetu zaie erabiltzaileei eta ostiralean, abenduaren 16an indarrean sartuko den saunaren erabilera egutegi berriaz ere iritzia jasotzea aurre ikusten da. Datorren udazkenean egingo da eta zerbitzuaren egokitasuna baloratuko da berriro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!