Kiroldegiko lurrazpiko aparkaleku publikoa bi astez itxita izango da.
Aurrez iragarri bezala, San Juan kaleko irisgarritasun lanek hasi aurretik, ur hoditeria aldatzen ari dira. Pasa den astean, parrokia aurrealdetik aparkaleku sarrerarainoko lanak hasi ziren baina bihartik aurrera, kalearen goialdera zabalduko dira. Horrek, aparkalekuaren erabileran eragina izango du itxi egingo baita.
Asko dira, haurra ikastolan utzi edo hartzeko autoa lurrazpiko aparkalekura sartzen duten guraso eta zaintzaileak. Hauek, bihar goizean oraindik hori egiteko aukera izango dute baina beti ere, autoa 09:00etarako aparkalekutik aterata. Ordu horretan jada, errepidea zulatzen hasiko baitira parking parean, eta bi astez ezin izango da autorik sartu edo atera. Oharra beraz, aparkalekua tarteka erabiltzen dutenentzat baina baita inguruan bizi direnentzat ere.
Errepidea zulatzeko lanek behetik gora jarraituko eta ostegunerako edo, goiko errotonda pareraino iristea espero da. Egun horretatik aurrera ezin izango da San Juan kalera autoz sartu, kalea trafikorako guztiz itxita geratuko da.
Ur hoditeria aldatzeko lanak amaituta, San Juan kalea irisgarritasun neurrietara egokitzen hasiko dira. Lan hauek ere faseka egingo dira eta kalearen barrenetik gora. Horrek esanahi du, hoditeria aldatu eta beharrezko probak eginda, kalea eta aparkalekua berriro irekiko direla.
Lanak egiten ari ez diren guneetarako pasabidea libre uzteko ahalegina egingo da. Eta Zubikoako lurrazpiko aparkalekurako sarrera-irteera egokitzeko lanak, ahal den neurrian, eskola-oporretan eta asteburu aldera egiten saiatuko direla, erabiltzaileei ahalik eta traba gutxien sortzeko. Baina hori, gerora, irisgarritasun lanak egiten ari direnean izango da.
Gogoan hartu, bihar, goizeko 09:00etatik aurrera eta 2 astez, Zubikoako lurrazpiko aparkaleku publikoa itxita izango dela.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!