Kiroldegiko abonuaren kuoten neurriz kanpoko hazkundea salatu du EAJk, prentsa ohar bidez

2021/11/18
Card image cap
EAJk osatu duen taula
Zehaztu diren hobariak jasotzeko errenta baremoek ez dute Oñatiko errealitatea islatzen jeltzaleen esanetan

  2022rako onartu diren udal ordenantza fiskalen haritik egin du EAJk salaketa. Orokorrean, udal tasa, zerga eta prezio publikoek % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean baina kiroldegiko abonuek igoera desproportzionatua izango dutela salatu du.

  Kiroldegiko abonuen berrantolaketa egitearekin ados daudela azaldu dute jeltzaleek idatzian, eta egokitze hori egitea eskatu izan dutela azken sei urteetan. Baina berrankolaketa horrek dakarren igoera orokorra kasu batzuetan neurriz kanpokoa dela adierazten dute eta kasurako pentsionistek ordaindu beharko dutena azaltzen du. Aurten pentsiodun edo erretiratu batek 78,40 euro ordaindu badu urteko abonu kontzeptuan, datorren urtean 180 euro ordaindu beharko dituela azpimarratzen dute jeltzaleek, beti ere, hobaria aplikatzeko baldintzarik betetzen ez badu. Eta hobariak zehazterakoan Oñatiko errealitatea islatzen ez duten errenta-baremoak jarri direla aipatzen du EAJk idatzian. Horretarako, 2018ko Eustateko datuak ematen ditu, Oñatiko herritarren bataz besteko errenta 25.880 euro dela adieraziz. Hori kontuan izanda herritar gehienek ez ei dute hobaririk jasoko edo hobari oso txikia izango dute jeltzaleen esanetan.

  Kiroldegia berritzeak inbertsio handia eskatu duela onartuta, horrek erabiltzaileengan ez duela eraginik izan behar dio EAJk, tasak igotzeko unea ez dela errepikatuaz. Igoera hori kiroldegi berriaren ustiapenerako kostuaren igoeran oinarritzea gainera akatsa dela uste dute jeltzaleek, oraindik ez dagoelako gastu hori zenbatekoa izango den kuantifikatzeko datu objektiborik, urtebete pasa beharko delako zerbitzuaren autofinantzaketa maila zehaztu ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!