Kiroldegian berritze lan osagarriak egitea eta Oñatiko Udala Grant bekaz egindako lanaren aurkezpena aztergai dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean
Hiru gai jaso dira gaurko bilerarako deialdian: Zubikoa kiroldegiko kantxa nagusian eta pilotalekuan berritze lan osagarriak egiteko lizitazio proposamenak eta Oñatiko Udala Grant bekaren inguruan memoria aurkezteko epea atzeratzeko proposamena.
Zubikoa kiroldegia berritzeko lanak aurrera doaz. Zenbait instalaziotan aurreikusi gabeko lan osagarriak egitea erabaki zuen udalak, Covid-19ak gune horien erabilera murriztea ekarri zuela probestuz. Kantxa berdean, esaterako, paretak isolatu eta panel fenolikoa jarri da buelta osoan, leihoak aldatu dira, goiko sarea eta argiteria berritu dira eta zorua berriro margotuko da, besteak beste. Pilotalekuan aldiz, emergentzietarako irteera berria ireki da eta harmailetan gurpildun aulkiekin egoteko lekua egokitu da. Lan osagarri hauek egiteko lizitazioaren inguruko argibideak emango dira arratsaldeko bileran.
Oñatiko Udala Grant bekaz egindako lanaren aurkezpena atzeratzeko proposamena izango da arratsaldeko beste aztergai bat, esan bezala. Berez irailaren 7rako aurkeztu behar zen lana, oinarrietan zehazten denez, baina epea atzeratzea proposatu da. Maider Zilbeti ikertzaile donostiarrak irabazi zuen Oñatiko Udala Grant beka aurten eta Nazio Batuen Erakunderen Giza Eskubideak eta Printzipio Gidariak Oñatiko enpresetan gaia aztertzen dihardu. Bulego edo egoitza nagusia Oñatin duten baina nazioartean ordezkaritza duten enpresak dira ikerketa xede eta Oñati eta kanpoko egoitzetan Nazio Batuen printzipio gidariak inplementatzeko dituzten plangintza eta protokoloak aztertzen ari da. Baina pandemiak enpresa askoren egunerokoa aldarazi du dakizuenez, eta horrek, lanaren garapenean eragin du nonbait. Astelehenerako aurkeztu behar zen memoria beranduago presentatu ahal izatea proposatu da.
15:45tan hasiko da ikasturte berriko lehenengo Tokiko Gobernu Batzarra.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!