Kirol arloan ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko 13.000 euro banatuko ditu udalak diru laguntzetan.

2014/03/18
Diru laguntzak eskatzeko epea apirilaren 22ra arte luzatuko da.

  Pasa den astean amaitu zen ohikoak ez diren kirol jardueretarako udalak emango dituen diru laguntzak arautzen dituzten oinarrien gain alegazioak eta iradokizunak aurkezteko epea. Halakorik jaso ez zenez, automatikoki, indarrean sartu da arautegia eta diru laguntza horiek eskatzeko deialdia kaleratu da. Iragarkia, gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Iragarkian, diru laguntza hauetarako udalak 13.000 € bideratuko dituela zehazten da eta bide batez, eskaerak egiteko epea 30 egunez luzatuko dela jakinarazten da, hau da, apirilaren 22ra arte.

  Diru laguntza hauen eskatzaileak, klub edo kirol elkarte nahiz entitate juridikorik ez duten taldea eta partikularrak izan daitezke baldin eta egoitza Oñatin badute, kirolarien ehuneko 15a baino gehiago herrian erroldatuta badaude eta partikularren kasuan ere, Oñatin erroldatuta badaude.

  Jasotzen diren eskaerak baloratzerakoan 9 kontzeptu hartuko dira gogoan: kirol jarduerak herrian duen eragina eta herriari dakarkion ekarpena; antolatutako kirol jardueraren historiala eta garrantzia; elkarteak antolakuntza eta ekonomia arloan egindako ahalegina eta diru sarreren eta gastuen arteko oreka; antolaketan erabili edo kudeatutako baliabideak bai azpiegitura aldetik baita giza baliabideen aldetik ere; aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa; ekintzaren iraupena, parte hartze eta kirol maila; emakumezkoen parte hartzea sustatzea; kirol jarduerak antolatzea eskola ume, erretiratu edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan daudenentzat eta azkenik, kirol eta kultur jarduera osagarriak antolatzea.

  Aipatu kontzeptu hauek puntu kopuru jakin bat eskuratzeko aukera emango dute, 100 guztira. Baina udalaren diru laguntza lortzeko, gutxienez 50 beharko dira. Diruz lagunduko diren kirol jarduerak, izan jolasak edo lehia izaerakoak, kirola sustatzea izan beharko dute xede, ez dute irabazi asmorik izango eta interes orokorrekoak izan beharko dute.

  Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria udal buelgoetan aurkeztu beharko da. Gogoratu, hartarako 30 eguneko epea dagoela, alegia, apirilaren 22ra arte.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!