Kilometroak Txikia egingo da otsailaren 12an bereziki haur eta gaztetxoei zuzenduta
Kilometroak 2017ak izango duen ibilbidea diseinatzen hasi dira antolatzaileak eta orain arte landutakoa esperimentatu asmo da otsailaren 12rako antolatu den Kilometroak Txikian. Izenak adierazten duen moduan, egun horretan haur eta gaztetxoak izango dira protagonista eta ibilbidean dantzariak, erraldoiak eta txorimaloak izango dituzte lagun.
Kilometroak Txikia ikastolako patiotik abiatuko da. Gaztetxoenek ere halako jaietan egin ohi den zinta mozketa irudikatuko dute lehenik eta ondoren, ibilbideari ekingo diote. Ikastolatik irtenda, Bidebarrietatik Santa Lutziara joango dira eta handik San Martinera, amaitzeko, Kale Barriatik plazara itzuliko dira. Zirkuitua osatuta, plazan, haurrentzako jolasak izango dira.
Trauti elkarteko kideak ibilbidea egitera gonbidatuko dira, prestatzen ari den zirkuituaz duten iritzia eman dezaten. Izan ere, antolatzaileek, guztiontzat eroso, irisgarri eta atsegina den ibilbidea gertatu nahi dute, eta alde horretatik, garrantzitsua da mugikortasun zailtasunak dituztenen ikuspuntua ere ezagutzea.
Kilometroak Txikia girotzeko Lekaixoka! zapiak janzteko deia egin dute antolatzaileek. Zapiak, otsailaren 12an plazan salgai izango dira eta aurreko astean ikastolako patioan ere bai.
Otsaileko 2. domekan egingo den Kilometroak Txikia da datozen egunetarako eta Kilometroak jaiaren inguruan antolatu den ospakizun nagusia baina ez bakarra: larunbat honetan esaterako, euskarazko zine emanaldia izango da Gaztelekuan eta inaute zapaturako, saiheski pintxoak salduko dira plazan eta lehiaketa berezi bat ere egingo da. Etzi, esan bezala, zine emanaldia da izango da Gaztelekuan. Nanny McPhee haurtzain miragarria filma emango da 5-10 urte bitartekoei propio zuzenduta. Euskaraz eta doan izango den emanaldia 17:30tan hasiko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!