Kilometroak egunerako beharrak eta ekimenari udalak emango dion diru laguntza aztergai izango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/07/06
Card image cap
Euskara eta hezkuntza arloko beste hainbat gai ere jorratuko dira

  Irailaren 24an ospatuko da Lekaixoka datorren Kilometroak jaia. Egun horretan izango dituen beharren berri eman dio ikastolak udalari eta laguntza eskatu dio, laguntza materiale ta ekonomikoa. Gaia modu bateratuan aztertu eta bideratzea erabaki zuen udalak, alegia, egunean bertan nahiz aurreko hilabeteetan egiten joan diren ekintza guztietarako diru kopuru bat ematea erabaki zuen, eta horren inguruko argibideak emango dira aste honetako bileran. Bide batez, diru laguntza onartzea proposatuko da.

   Euskara eta hezkuntza arloei dagozkien beste hainbat gai ere azalduko dira arratsaldeko batzarrean: Eskolako Bidea proiektuaren ikasturteko balorazioaren berri emango da eta baita udako solstizioaren ospakizunaren inguruan egin denarena ere.

  ADEMGI esklerosi anitza gaitza dutenen elkartearen izenean jaso den eskaera ere aztertuko da. Busti zaitez kanpaina egingo du elkarteak asteburu honetan Gipuzkoako hainbat herritan, tartean Oñatin, eta informazioa eman eta materiala saltzeko mahai bat plazan jartzeko eskaera egin da. Mahaia igande goizean, 11:00tatik 14:00tara jarri asmo da.

  Udako hilabeteak aprobetxatuz etxean hainbat lan egin nahi dituzten herritarren baimen eskaerak ere ugari izango dira gaurko bileran: fatxada edota teilatu konponketak, garajeen iragazgaiztea eta erretenak garbitzea, besteak beste.

  Gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako 43 gaiko lan zerrenda osatu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!