Oñatiko udala

Ke ugari sortu zuen sute txikia izan zen atzo arratsaldean Chinchurreta enpresan

2020/06/11
Card image cap
Makinak geratu eta langileek kanpora irten behar izan zuten baina kalteak txikiak izan ziren

  Inguruko bizilagun batek eman zuen Chinchurreta enpresako teilatutik ke pila irteten zenaren abisua 112 SOS Deiak zerbitzuan. Ordurako langileak konturatuta zeuden eta kearen arrazoiaren bila hasita zeuden; aireztatze hodi baten barruan sute txikia zegoenaz ohartu ziren. Suhiltzaileak iritsi zirenerako sua itzaltzea lortu zuten. Baina kea oso ugaria zen oraindik, bai enpresa kanpoaldean eta baita barruan ere, eta segurtasunagatik, makinak geratu eta langile guztiak kanpora irten ziren. Gainera, sua gertatu zen hodiaren tenperatura oso handia zen eta sua berpiztu zitekeenaren beldur ziren. Suhiltzaileek ingurua miatu zuten eta  badaezpadako prebentzio neurri batzuk hartu zituzten.

  Zubillagako suhiltzaileak ez ezik, Legazpiko Korosti parkekoak ere mobilizatu ziren baina sua kontrolpean zegoela eta,  Torreauzora iritsi gabe buelta hartu zuten legazpiarrek. Zubillagatik bai, sei lagun eta lau ibilgailu, hiru kamioi eta ibilgailu arin bat, hurbildu ziren Chinchurreta fabrikara.

  Gaur goizean normaltasunez ari dira berriro lanean Chinchurreta enpresan.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!