Katastroko lehen hiru poligonoetako lursailen titularrentzat dokumentazio karpetak prestatu dira

2023/11/28
Card image cap
Udaletxean jaso behar dira

 Katastroko lehen hiru poligonoetako partzelen mugaketa lana abian jarri du Udalak. Geograma enpresa kontratatu zuen eta lursailen jabeekin lau bilera informatibo egin ziren pasa den astean; lanaz arduratuko den teknikariak proiektuaren berri eman zien eta, bide batez, zegozkien lursailen zehaztasunak dituen karpeta bana eman zitzaien bertaratu ziren titularrei. Karpeta horietan, titular bakoitzaren izenean azaltzen diren lursailen fitxak jaso dira, mugakide diren terrenoak eta hauen titularrak identifikatzen dira eta denen artean mugak egiaztatuta akordiorako sinadura orriak ere bai. Bileretara titularren erdiak inguru joan ziren eta, ondorioz, karpeten erdiak edo, banatzeko daude oraindik. Karpetak udaletxean jaso behar dira eta lehenbailehen egitea eskatzen da, dokumentazioa osatu eta udaletxera itzultzeko azken eguna, datorren urtarrilaren 19a izango baita.

  Herriko lursailen mugaketa lan honetan katastroko lehen, bigarren eta hirugarren poligonoetako partzelen mugak eguneratu eta digitalki jaso nahi dira. Elorregi parean hasi eta Larraña auzoko muga ingururaino, 1.328 hektareako azalera hartzen duten 1.125en bat partzela daude, 325 titular baino gehiagoren izenpean. Jabeen laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa da, dituzten lursailen mugak eta mugarriak identifikatu eta mugakideekin adostu behar direlako. Gerta liteke, ordea, horretarako interesik ez izatea. Hala izanik ere, lursailen titular guztiei dagokien karpeta jasotzea eskatzen zaie, parte hartzeko interesa izan ala ez. Parte hartzeko interes eza agertzeko aukera ere jaso baita dokumentazioan; laukitxoa beteta karpeta udaletxera itzultzea nahikoa izango da.

  Jabeen partaidetza borondatezkoa da baina ahalegin bat eskatzen du, mugarriak aurkitu, identifikatu eta neurketarako mugak garbitzea, dagokien jasotze topografikoa egin ahal izateko. Horren truke, lursailen neurri eta mugak digitalki jasota geratuko dira, jabeei inolako gastu ekonomikorik eragin gabe. Ondorioz, katastro datuak eguneratzeko aukera izango da, beharra dagoen kasuetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!