Oñatiko udala

Katabera gaitzat hartuta kultur hamabostaldia antolatzen dihardu Olaitturri elkarteak

2022/01/13
Card image cap
"1562. Lope Agirreren estatua" antzezlaneko aktoreak (Arg:Goiena)
Hiru hitzaldi eta herri antzerkia izango dira irailean

  Garaiz hasi dira Olaitturri elkarteko kideak hurrengo kultur hamabostaldia prestatzen. Irailaren 15etik 29ra izatea aurreikusten dute eta gai nagusia nahiz hitzaldietan jorratuko direnak zehaztuta dituzte jada. Baita herri antzerkirako argumentua ere.

  Katabera da gai nagusia eta horren haritik, Kataberako mineralak, industrializazioa Oñatin eta trenaren garapena Euskal Herrian gaiak jorratuko dira irailaren 15etik 22ra aurreikusten diren hiru hitzalditan. Herri antzerkirako berriz Kataberako meategiak eta horiek zuzentzera etorri eta Udanan bizi izan zen Frederick Bärh meatze ingeniari alemaniarra izango dira protagonista. XIX. mende akabera-XX. mende hasierara eramango gaitu Olaitturri elkarteak garaiko industria eta gizarte garapena jorratuko dituen antzezlanean. Nola mamituko duten iraila akaberan, San Migel egunez, taularatu asmo den herri antzerkia ikusiz jakingo dugu.

  Oso garaiz hasi dira Olaitturri elkartekoak hurrengo kultur hamabostaldia prestatzen, 2021ekoa puntuan bukatu dutelako, abenduaren 26an taularatu zuten Lope Agirreri buruzko antzezlanarekin. Pandemia egoerak hala eraginda irailetik abendura pasatu zuten, baina aldi berean, 2022ko lanak aurreratzen joan ziren, dirudienez. 2022an ere irailerako planetan ari direla adierazi digute eta Kataberako meategien haritik kultur hamabostaldia prestatzen ari dira, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!