Karduaren kontrol kanpaina berria hasi da Aloña aldean
Aloña aldeko larreetan oso ugaria den kardua kontrola jarraitzeko plangintza osatu zuen udalak iaz. Kardua jotzeko lanak egingo dira eta aldi berean, lanen jarraipena eta ebaluazioa egingo du HAZI aholkularitza teknikoak. Iaz egindako lanen ondorioak ateratzeko goiz den arren, hainbat gauza ikusi dira jada: desbrozatze lanek aitzur lanak baino errendimendu eta efikazia hobea dutela eta berandu jotako eremuetan kardua gutxiago azaltzen dela. Hala, iaz egindako lanek kardua gutxitzea lortu ez duten arren, okupatutako azalera txikiagoa da.
Iazko lanen lehen ondorioak kontutan hartuta, karduaren kontrol kanpaina desbrozadoraz egingo da nagusiki aurten. Zenbait gunetan hala ere, aitzurraz joko dira karduak ebaluazio lanarekin jarraitu ahal izateko. Ekaineko hilberriarekin hasi ziren atzo kardua kontrolatzeko lanak egiten Artzaburu aldean. Tomas Sagasti kontratatu du udalak lan hauek egiteko. Hamar bat laguneko koadrila ari da mendian lanean eta pare bat astez edo, jardutea aurre ikusten da. Uztaila aldera bigarren pasada egiteko aukera aztertzen ari dira.
Karduen kontrol kanpaina HAZIren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin gauzatu zuen udalak iaz. Aurten ere, lankidetza horrekin jarraitu asmo da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!