Kanpandorreko erlojua konpondu da

2020/11/03
Card image cap
Haizeak bota zuen esfera berriro finkatu eta karilloiaren anplifikatzailea konpondu da

  Donostiako Tecnikronos enpresak egiten ditu parrokiako kanpandorreko erlojuaren mantenu lanak. Urriaren 20ko haizeteak erlojuaren esfera bat barrurantz bota zuenean, udal arduradunak aipatu enpresakoekin jarri ziren harremanetan. Pasa den astean birritan etorri ziren kalteak ikusi eta konpontzeko, eta ostiralean jada, erlojuaren lau esferak bere lekuan zeuden.

  Haizeak atzera bota zuen esferako euskarri apurtuak aldatu dira eta beste hainbat mantentze lan egin dira: esferak argitzen dituzten funditutako lanparak aldatu dira eta matxuratuta zegoen karilloiaren anplifikatzailea ere konpondu da. Karilloia martxan zen baina kaletik ez zen entzuten. Soinua zabaltzea ahalbidetzen duen anplifikatzailea konpondu da eta parrokoaren esku utzi dute zein bolumenetan jarri, entzun-entzun dadin baina molestiarik sortu gabe.

  Kanpandorreko erlojuan egindako hainbat lanen kostua, mantentze kontratuan sartzen dira baina haizeak zuzenean eragindakoak, udalaren aseguru etxeari pasako zaizkio, hark ordaindu ditzan.

  Urriaren 20ko haizeak gogor astindu zuen herria eta ipurditik botatako arbolak edota adar asko apurtzeaz gain, parrokiako kanpandorreko erlojua kaltetu zuen, plaza aldera dagoen esfera barrurantz botata.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!