Oñatiko udala

Nagusien Eguna ospatzeko Kalejira egingo dute herriko pentsionistek ostiralean

2022/09/26
Card image cap
Gaurko elkarretaratzea banketxe aurrealdetan protesta eginez osatu dute

  Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna aurreratu eta ostiralean ospatuko dute Oñatiko pentsionistek. Festa giroan ospatuko dute Etxaluzetik plazara kalejira eginez. Trikitilariez lagunduko dira pentsio duinak eta zaintza eta osasun sistema publiko baten aldeko aldarrikapenak abestu eta oihukatzeko. Plazatik Pake Lekura joango dira ondoren, pintxoren bat jan, eta plazara itzulita elkarretaratzea egiteko, eguerdian. Gure artean ez dauden adinkideak omenduko dituzte.

  Berez urriaren 1ean ospatzen da Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna baina Herri Egunarekin ez kointziditzeko bezperan egingo da Oñatin. Argibideak gaur eguerdiko elkarretaratzean eman dituzte, bertaratutakoak ostiralerako gonbidatuz. Era berean, urriaren 15ean Madrilen egingo den ekitaldira joateko gonbidapena ere zabaldu da. Pentsioak KPI errealaren mailan eguneratzeko eskaerarekin bat egin zuten 70.000 lagunen sinadurak Madrilgo Diputatuen Kongresura eramango dira urriaren 15ean. Kongresu atarian elkartzera deitu dituzte estatuko pentsionistak. 

  Pentsionisten asteleheneroko elkarretaratzea gaur ez da plazan amaitu, ohikoa denez. Herriko banketxe batzuetako atarietara mugitu dira banketxeen gehiegikeriak salatzeko. Bulegoak itxiz, ordutegiak murriztuz edota komisioak kobratuz pertsona nagusiak eta, bereziki, pentsio txikiak dituztenak kaltetzen dituztela salatu dute pentsionistek.

 Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!