Oñatiko udala

Kalegoienako ziburu irisgarria kendu behar izan dute

2017/09/11
Card image cap
Plastikozko aulkiari su eman zioten eta min hartzeko moduan zegoen

  Hainbat eraso jasan ditu azken asteburuetan Kalegoienako ziburu irisgarriak; abuztu amaieran aulkiko segurtasun-uhala moztu zuten eta iraileko lehenengoan berriz, su eman zioten. Bigarren eraso honen ondorioz aulkitxoa oso kaltetuta eta  arriskutsu geratu zen, zauriren bat eragiteko moduan. Gertatutakoa ikusita ziburua kentzea erabaki zuten udal arduradunek inork min hartu ez zezan. Ostiralean bertan erretiratu zen Kalegoienako parkean zegoen zabu edo ziburu berezia.

  Kendu behar izan den ziburu irisgarria bakarra zen Oñatin. Mugikortasun arazoak dituzten haurren beharretara propio egokitutako kolunpioa zen; ohikoa baino zabalagoa zen eta haurra ondo jesarrita eta jausteko arriskurik gabe egon zedin, gerritik eta sorbaldatik behera lotzeko zintak zituena.

  Behar funtzional bereziak dituzten haurrei egokitutako ziburu bat jartzeko eskaera TRAUTI Hesirik gabe elkarteak egin zion udalari eta denon adostasunez, Kalegoienako jolas parkean jarri zen orain bi urte dela. Ostiralean ordea, kendu beharra izan zen norbaitek, edo norbaitzuek, nahita kaltetu zutelako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!