Kalegoienako lurrazpiko aparkalekua libre utziko da irailaren 3tik 6ra
Astelehenean bertan hasi ziren Erase una vez…Euskadi filma grabatzen Arrasaten. Manu Gomez arrasatearrak zuzentzen duen lehen pelikula luzearen filmaketak 7 aste iraungo ditu eta tartean, Oñatin hainbat eszena filmatuko dituzte, aste honetan. Konkretuki Aozaraza kaleko Orueta etxean egingo dira filmaketa horiek eta inguruan dagoen Ultzegin kaleko hainbat aparkaleku gordeko dira zine-taldearen beharretarako.
Erase una vez…Euskadi 1985eko Euskal Herrian girotuta dago eta Andaluziatik etorritako lau familietako semeen bizipenak kontatzen ditu. Gidoia Manu Gomez zuzendariak berak idatzi du eta bere haurtzaro eta nerabezarora itzultzeko aukera izan dela aitortu du. 80. hamarkadako Euskal Herri borrokalari, gatazkatsu hura 12 urteko mutikoen begiradatik jasoko du filmak. Asier Flores, Aitor Calderon, Miguel Rivera eta Hugo Garcia dira haur protagonistak, eta hauen ondoan arituko dira, besteak beste, Yon Gonzalez bergararra eta Josean Bengoetxea donostiarra aktore lanetan.
Arrasate, Soraluze, Bergara eta beste zenbait lekutan ari dira filmatzen eta bihar Oñatira etorriko dira. Lokalizazio-arduradunek hainbat leku interesgarri ikusi zituzten Oñatin uztailean egindako bisitetan, baina Orueta etxea aukeratu dute filmaketarako. Eraikineko beheko eta lehenengo solairuak propio egokitzeko lanak egin dituzte aurreko asteetan. Barruko irudiak soilik filmatuko dituzte Oñatin.
Filmaketa lanak direla eta Ultzegin kaleko hainbat aparkaleku gorde dira zine-taldearentzat, esan bezala. Atzotik zintaz seinaleztatuta daude Arantzazuko Ama kaletik Motxon kalera bitarteko 40-45 aparkalekuak. Aparkaleku horiek erabili ezinda geratuko direnez Kalegoienako lurrazpiko aparkalekua ireki eta libre uztea erabaki du Udalak, bihartik domekara bitartean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!