Kale zaharreko zirkulazioaren inguruko argibideak eskatu dizkio Arartekoak Udalari.

2016/01/26
Card image cap
Hainbat bizilagunek helarazitako kexa argitzea du xede.

 Kale Zaharreko bizilagun talde batek Arartekoarengana jo du kexaka. Oinezkoentzat egokitutako kalean debekatuta dauden erabilerei dagokion erregulazioa ez dela betetzen diote auzotarrek. Bizilagunen arabera, bizikletak kaletik igaro eta aparkatzen dute, erabilera hori debekatzen duen udal erregulazioa urratuz. Gainera, aparkatutako kotxeek etxeetarako sarrerak oztopatzen dituzte eta oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen dute.

 Kale zaharreko hainbat bizilagunen kexak argitu asmoz, Arartekoak informazioa eskatu dio Udalari.  Udalak oinezkoentzako kalean sartzea eragozten duen kontrol automatikoko sistemaren bat ote duen jakin nahi du Arartekoak eta Zirkulatzeko eta aparkatzeko debekua ez betetzeagatik salaketa edo isunik jarri ote den. Aipatutakoaz gain beste neurriren bat hartu bada, hori ere jakinarazteko eskatu du.

 Gaia Hirigintza Batzordean aztertu ondoren azken Tokiko Gobernu Batzarrean eztabaidatu zen. Hala, Arartekoari, Kale Zaharrean oinezkoentzako zatian hartutako neurriak azalduko zaizkio:  Kale Zaharra goizeko 9.00tatik 12ak arte zamalanetarako zabalik egoten dela eta ondoren, oztopo zutoien bidez ixten dela jakinaraziko zaio. Kalea irekita dagoen ordu-tartean, ibilgailuen kontrola Udaltzaingoak egiten duela zehaztuz. Ondorioz, hainbat isun jarri beharra izan dela ere adieraziko zaio beti ere, kalearen erabilera egokia bermatu ahal izateko. Eta kopurua ere jakinaraziko zaio; Udaltzaingoak emandako datuen arabera, 2014-2015 urteetan 78 isun jarri dira Kale Zaharrean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!