Kale Zaharreko arropa biltegia maiatzarekin itxiko da eta ez dute material berririk jasotzen jarraituko

2022/05/25
Card image cap
Biltegirako koordinatzailea topatzeko hainbat deialdi egin dira baina ez da aurrerabiderik egin, orain arte

  Hermansoloña taldeak kale Zaharrean duen arropa eta bestelako produktuen biltegiaren arduradunak, Jose Antonio Urteagak, erreleboa eskatu zuen aspaldi, jarduna uzteko ekainaren 30eko data jarri zuelarik. Biltegiaren koordinazioaz arduratuko den pertsona edo talderik agertu ez denez, biltegia ixtea erabaki da, material berririk ez da hartuko, maiatzaren 31tik aurrera.

  Baina biltegia beteta dago eta arropa eta bestelako produktuen banaketarekin jarraituko dute, beti ere, Caritas, Zehar errefuxiatuak, Hotz Oñati, Oñatiko Saharar komunitatea edota beste elkarteren baten bitartekaritzaz iristen diren eskaerei erantzunez. Ekainaren 30ean jada Urteagak arduradun lanak utziko ditu baina beharrei erantzuten jarraituko da, aurrez hitzordua eskatuta, materiala agortzen den bitartean.

  Garrantzitsutzat jotzen dute arropa eta material biltegia mantentzea Hermansoloña taldekoek, eta gainontzeko erabiltzaile taldeek ere, beharrean dauden familia asko dagoelako gurean. Baina arduradun berririk agertu ezean, bertan behera utzi beharrean dagoela adierazi digu 20 urte luzetan koordinazio lanetan aritu den Urteagak. Hala ere, ez dute etsi nahi eta arduradun berri bat agertzeko esperantzari eusten diote. Baina halakorik agertzen ez den bitartean ez dute material berririk jasoko kale Zaharreko biltegian, ateak maiatzaren 31an itxiz. Hala ere, gogoratu, datorren astelehenean, azken aldiz irekiko dela lokala, 10:30tatik 12:00tara eta 17:30tatik 19:00tara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!