Oñatiko udala

Kale Zaharra eta San Anton kaleko auzotarrak gogaituta daudela baina ez etsita esan zieten udal ordezkariei atzoko Osoko Bilkuran

2016/07/22
Card image cap
Zarata eta mugikortasun arazoak okertzen ari direla eta, konponbidea eskatu zieten eta elkarlana eskaini

  Inazio Arregik, Kale Zaharra eta San Anton kaleko hainbat bizilagunen izenean idatzia irakurri zuen atzoko Osoko Bilkuran. Zarata eta mugikortasun arazoak aspalditik datozen arren, okertuz ari direla esan zuen. Lo egin eta atseden hartzeko, eta kalean lasai eta auto edo bizikleta batek harrapatuko dituenaren beldurrik gabe ibiltzeko duten eskubidea aldarrikatu zuen. Horretarako, elkarlana eskaini zuen. Udal ordezkariekin gaiaz berba egin dutela baina luzatutako bilera eskaerek erantzunik ez dutela izan zehaztu zuen. Eta gogaituta dauden arren, ez dutela etsiko azpimarratu zuen.

  Alkateak, lehenik, barkamena eskatu zien orain arte bildu ez izanagatik. Arrazoia, arazoa konpontzeko proposamen konkreturik ez dutelako zela argitu zuen, nahiz eta esan zuen, lanean ari direla. Mugikortasunari buruz, nahikoa zorroztasunez ez dela jokatu onartu zuen baina urritik aurrera, aparkaleku sistema berria indarrean sartzearekin, egoera aldatzea espero dutela esan zuen alkateak.Tabernetako zaratei dagokienean berriz, sisteman arazo teknikoak daudela esan zuen Biainek eta horiek zuzentzen ahalegintzen ari direla erantsi zuen.

  EAJko bozeramaleak, orain hilabete batzuk proposatu zuen zaraten mapa egin dadin eskatu zuen berriro. Baina hori eginik ere, batzorde iraunkor bat sortzea proposatu zuen. Batzorde horretan, auzotarrak, udal ordezkariak eta hirigintza teknikariak egongo lirateke eta prozesu parte-hartzaile baten bidez, konponbiderako oinarriak adostea proposatu zuen.

  Opor ostean gaiari helduko diotela adierazi zuen alkateak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!