Kale garbiketa zerbitzurako 9 lanpostu betetzeko hautaketa oinarriak onartu ziren azken Osoko Bilkuran
Urrian hartuko du Udalak bere gain kale garbiketa zerbitzua eta ordurako, 9 langile kontratatu asmo ditu, 7 pioi eta bi pioi gidari. Aipagarria da 7 pioi lanpostu horietako bat minusbaliatuentzako plaza izango dela.
Oinarrian, pioi eta pioi gidari lanpostuetarako eskatzen diren baldintzak antzekoak dira: 16 urte beteta izatea; eskolaratze ziurtagiria edo baliokidea den titulazioa edo titulu hori lortzeko eskubidea ordainduta izatea; fitosanitarioen aplikatzaileen oinarrizko formazioa eta produktu horiek erabiltzeko gaitasuna ematen duten agiria izatea eta gida baimena izatea, pioien kasuan, B gidabaimena eta pioi gidarien kasuan, C gidabaimena. Minusbaliatuei gordetako plaza betetzeko, ez da gida baimenik eskatzen eta gutxienez % 33ko minusbaliotasuna izatea eskatzen da. Euskarari dagokionez, berriz, lehen hizkuntza eskakizunaren maila jarri da baina 2019ko abenduaren 31rako egiaztatu beharko dena.
Lanpostuak oposizio lehiaketa bidez beteko dira eta azterketaldian, baztertzailea izango ez den euskarazko probarekin batera, azterketa teoriko eta praktiko bana gainditu beharko dira. Lehiaketa aldian berriz, prestakuntza osagarria eta lan esperientzia baloratuko dira.
Azken puntu honek eztabaida sortu zuen Udalbatza osatzen duten bi alderdien artean, EAJk balorazio desorekatua dela adierazi zuen eta EH Bilduk, egoera ez ohiko bati emandako ez ohiko erantzuna. Izan ere, lan esperientziari legez eman dakioken puntuaziorik altuena ematea erabaki zuen Udal Gobernu Taldeak, urteetan kale garbiketan aritu direnak gogoan hartuta. Horrek, lanpostura aurkeztuko diren gainontzeko hautagaiekiko desoreka handia, handiegia sortuko duela adierazi zuten jeltzaleek Osoko Bilkuran; langabezian dagoenarentzat edo gaztea izaki, lan eskarmenturik apenas duenarentzat kasik gainditu ezinezko desabantaila eragingo duela azpimarratu zuen Lourdes Idoiagak. Esperientzia errekonozitzea ontzat jo zuten jeltzaleek baina ez hainbesteko aldearekin.
EH Bilduren izenean alkateak berba egin zuen eta ez ohiko egoera batek ez ohiko neurriak eskatzen dituela esan zuen. Kasu honetan, eta egoeraren berezitasunagatik, antzinatasuna bereiziki baloratzea justifikatuta dagoela adierazi zuen. Bozkatzerakoan, kale garbiketa zerbitzurako 7 pioi eta bi pioi gidari lanpostu betetzeko hautaketa oinarriak onartu ziren, EH Bilduren aldeko botoz. EAJ, ezezkoa eman zuen.
Baldintzak onartuta, argitaratu egingo dira, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean lehenik, eta estatuko boletinean ondoren. BOE kaleratu orduko, izen emate epea irekiko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!