Kale garbiketa zerbitzua baldintza plegu zorrotz batekin berriro lehiaketa publikora ateratzea proposatu du EAJk

2016/02/17
Card image cap
Horrela, egungo langileen lanpostu eta eskubideak bermatuko direla uste dute jeltzaleek

  EAJ-PNVren udal taldeak, gobernuaren planteamenduarekiko ezberdina den kudeaketa eredu berria proposatu du, kale garbiketa zerbitzuaz arduratzen den FCC enpresarekin sortu diren arazoei irtenbidea emateko. Zerbitzua, udalak zuzenean kudeatu ordez, berriro lehiaketa publikora ateratzea proposatzen dute jeltzaleek.

  Miren Elgarresta bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez baldintza plegu zorrotz baten baitan zerbitzua berriro lehiaketa publikora ateratzeko proposamena egiten dute. Modu honetan, udal gobernuak zorroztasunez exijitu ahal izango dio enpresa esleipendunari kalitate irizpide hoberenak betetzea eta langileen lan baldintzak bermatzea. Zerbitzuaren kontratua berriro lehiaketara ateraz gero, egungo kale garbitzaile guztien jarraipena ahalbidetuko litzatekeela dio Elgarrestak, bakoitzari dagokion hitzarmen edota antzinatasuna babestuz.

  Udalak, zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartuta, langile berriak kontratatzeko lehiaketa publikoa egin beharko du eta FCCko langileek lanpostua galduko dute azterketak eta sarrera probak gainditu ezean. Kale garbiketa zerbitzua berriro lehiaketa publikora aterata ordea, langileei lanpostuan jarraitzeko aukera ematen zaie eta giza ikuspuntutik egun dagoen arazoari konponbidea ematen zaio jeltzaleen hitzetan. Baina aldi berean, kalitatezko garbiketa zerbitzu publiko eraginkorra bermatuko litzatekeela diote. Izan ere, zerbitzuen esleipen publikoek kontratuaren exekuzioaren jarraipen zehatza egiteko bidea ematen dute Elgarrestaren esanetan. Baldintza plegu zorrotz batekin, lan baldintzak,  baldintza teknikoak eta kalitate irizpideak zehaztu eta betetzen direla ziurtatu daiteke zerbitzuaren jarraipena eginez.

  2016ko aurrekontuen eztabaidan azaldu zenez, urriaren 1etik aurrera hasiko da Udala kale garbiketa zerbitzua zuzenean kudeatzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!