Kale eta auzoetako argiteria hobetzea eskatu du EAJren udal taldeak
Oñatiarrentzat hiri segurtasunaren gaia kezka iturri dela dio EAJk, bereziki emakume gazteentzat, askok murriztua ikusten baitu beren askatasuna, batik bat gauez bakarrik irten edo argitasun gutxiko leku bakartietatik ibiltzeko. Horrenbestez, herritarron ongizatea, bizi kalitatea eta segurtasuna bermatzeko herriko argiteria publikoan hobekuntzak egitea eskatu dio EAJk udal gobernuari.
2012an egindako Berdintasun Planak jasotako puntu ilunen mapa berraztertzea eskatu dute jeltzaleek eta azken urteotan sortu diren gune berriak identifikatuta mapa osatzeko. Halaber, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko landa auzoetako argiteria plan orokorra egitea ere eskatu du EAJk. Landa auzoak, eta bereziki pasealeku direnak, gaizki argiztatuta daudela diote jeltzaleek. Horrek oinezkoen segurtasunean eragiteaz gain, auzoetarako irisgarritasuna kaltetu eta oztopatzen duela azaldu dute.
Herri guneko nahiz landa inguruneko argiteria hobetzea eskatu du EAJren udal taldeak. Berdintasunean, seguru eta libre bizitzeko eskubidea bermatuko duen beldur gunerik gabeko Oñati eraiki eta irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzeko helburuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!