Juan Carlos Irizarren omenezko kontzertua Musikegunetan

2021/11/02
Card image cap
Azaroaren 21ean izango da eta kontzertu guztietarako sarrerak nahiz bonoak salgai daude jada

  Larunbatean jarri ziren salgai azaroko lau domeketan eskainiko diren kontzertuetarako sarrerak, Oñatiko 43. Musikegunen programazioa ezagutzera emateaz bat. Kontzertu bakoitzerako sarrerak 8 eurotan eskuratu daitezke eta lau emanaldietarako bonoak 22 eurotan.

  Lau domeka azaroan eta beste horrenbeste kontzertu 43. Musikegunak egitaraua osatuz, baina bereziena, azaroaren 21ean Juan Carlos Irizarren omenez eskainiko dena. Arantzazu Saiz arduratu da Zubillagako musikaria gogoan eskainiko den emanaldia taxutzeaz. Sortzaile oparoa izan zen Irizar. Pianoa zuen musika-tresna kuttun baina akordeoia, txistua eta organoa ere ikasi eta landu zituen. Musika tresna horietako zenbait entzun ahal izango dira azaroaren 21ko emanaldian, Arantzazu Saiz Trio-k, Karmelo Bengoetxea, Iker Orozco, Xabier Ugarte eta Jesus Mari Aranburu musikariak lagun izango baititu. Aipagarria da gainera, Aita Menniko apaiz Egoitz Zabalak parte hartuko duela emanaldi berezi horretan, Irizarrek Arrasateko erakundean egindako elkartasun lanaren lekuko. Kontzertua lau ataletan banatuko da eta Juan Carlos Irizarrek naturarekin, pertsonekin eta herriekin zuen harremana eta apirilean zendu zen musikariaren begirada bilduko da, beti ere, musikaz.

  Baina azaroko lehenengo bi domeketan eta laugarrenean ere izango da zer entzun eta ikusi Santa Ana aretoan. Musikegunak irekiz, Arturo Duo Vital aire boskotea arituko da eta azaroaren 14a Maria Berasartek gidatzen duen Lurra eta bidea proiektua ezagutu ahal izango da. Egitaraua osatuz, azaroaren 28a ARAH ganbara musika eta dantza garaikidea uztartzen dituen ikuskizuna izango dugu.

  Emanaldi guztiak Santa Ana aretoan izango dira, azaroko lau domeketan, esan bezala, 19:00tan hasita. Sarrerak, 8 eurotan, eskuragarri daude udal web atarian, plazako leihatila digitalean eta Txokolateixan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!