Joseba Arregiren zigor bikoitza salatzeko Martuteneko kartzelara martxa egingo da larunbatean

2021/03/17
Card image cap
Adinagatik eta Frantzian bete zuen zigorragatik kalean beharko lukeela aldarrikatuko da

  Martxoaren 27an 75 urte beteko ditu Joseba Arregik. Horietatik 29 kartzelan egin ditu, Frantziar nahiz Espainiar estatuetan. Baina espetxe agintaritzak ez du oñatiarraren adina ezta Frantzian bete zuen zigorra aintzakotzat hartzen eta espetxean jarraitzen du. Egoera salatu eta, aldi berean, Arregiri elkartasuna azaltzeko Martuteneko kartzelara martxa antolatu du Oñatiko Sarek.

  Martxa bizikletaz nahiz autoz egiteko deialdi bikoitza kaleratu da; bizikletaz joateko hitzordua Bizipoz kafean egin da, 8.00tan eta autoz joateko berriz, Eltziako aparkalekuan, 10:30tan. Helburua, 12:30tarako Martuteneko kartzela atarian elkartu eta ekitaldia egitea da. Oñatiko Sarek Joseba Arregiren egoera eta pairatzen duen zigor bikoitzaren berri ematen duen idatzia prestatu du. Hainbat bertso abestuko dira eta elkartasuna espetxe barrura helarazteko musika ere jarriko dutela adierazi digu taldeko ordezkari batek.

  Martutenerako martxa larunbatean, hilaren 20an izango da. Bezperan, eta ERNAIk antolatuta, Joseba Arregiren senideek egoera nola bizi duten ezagutzeko aukera izango da Joseba Arregi Erostarben senidiak eta euren zigorrak izenburupean antolatu den saioan. Tertulia giroan egingo da Antixena gaztetxean, 20:00tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!