Joseba Arregi espetxeratu dute berriro, hirugarren gradua atzera botata

2022/11/22
Card image cap
Udalbatzak adierazpen instituzionala egin du eta Oñatiko Sarek elkarretaratzea deitu du, 18:30etarako

  Bederatzi hilabete eman ditu Joseba Arregik hirugarren graduan. Horrek, eguna espetxetik kanpo egiteko aukera eman dio, lotarako bakarrik joanez, eta hainbat asteburu ere kalean eman ahal izan ditu. Baina Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu egin du Fiskaltzak martxoan aurkeztu zuen helegitea eta bigarren gradua jarri dio berriro, espetxera itzultzeko aginduz.

  Joseba Arregik 76 urte ditu eta horietatik ia 31 kartzelan pasa ditu. Zigorraren hiru laurdena 2019ko ekainean bete zuen. Adinak eta espetxeratze luzeak hainbat osasun arazo eragin dizkiote. Adina da bereziki Udalbatzak onartutako adierazpen instituzionalean bereziki azpimarratu dena. Bi udal taldetako buruek sinatu duten adierazpenean, Fiskaltzak espetxe-organoek hartutako ebazpenen aurka behin eta berriro jartzen dituen errekurtsoeiko kezka azaltzen da, organo horiek baitira presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak. Eazpen judizialek merezi duten errespetua aintzat hartuta, ebazpen horiek espetxeetako administrazioko organoen erabakiekin bateragarriak izan daitezela eskatzen du Udalbatzak, gradu progresioak eta/edo espetxe baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena.

  Etxeratek Auzitegi Nazionalaren erabakia gaitzetsi du eta Oñatiko SAREk elkarretaratzea deitu du plazan, gaur arratsaldeko 18:30etan, Etxerako bidean oztoporik ez! Joseba etxera lelopean.

  Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak otsailean onartu zion hirugarren gradua Joseba Arregiri. Baina aste gutxiren buruan haren kontrako helegitea jarri zuen Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu berri du, oñatiarra espetxera itzularaziz. Helegitea erabakitzeko pasa den denborak arreta eman du, orain arte izan diren antzeko kasuetan erabakia azkarrago hartu delako. Hilabete eskasean lau euskal preso espetxeratu dituzte berriro, gradu progresibitatea bertan behera utzita.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!