Jose Mari Bengoak eta Eder txakurrak Gipuzkoako artzain txakur txapelketa irabazi zuten atzo laugarren urtez jarraian
Laugarren aldiz segidan irabazi zuten atzo Jose Mari Bengoak eta Eder txakurrak Gipuzkoako artzain txakur txapelketa. Egin beharreko ariketa guztiak gaindituta, 429 puntu eskuratu zituzten, bigarren sailkatu zen Aitor Tato artzaina eta Nabar txakurrari 7 puntu aterata. Hirugarren postuan Jose Luis Madinabeitia oñatiarra eta Bat txakurra sailkatu ziren, 300 punturekin. Izan ere, azpimarratzekoa baita oñatiarren presentzia Legazpin atzo arratsaldean jokatu zen Gipuzkoako txapelketan: bost artzainetatik hiru oñatiarrak izan ziren eta bik gainera, bina txakurrekin parte hartu zuten.
Bengoak eta Ederrek Oñatiko nazioarteko txapelketan parte hartuko dute hilaren 23an, Gipuzkoa ordezkatuz, baina aurretik, beste hitzordu garrantzitsua izango dute Atxondon, hilaren 15ean, Euskal Herriko artzain txakur txapelketa jokatuko baita.
Jose Mari Bengoak sari bikoitza jaso zuen atzo Legazpin; eguerdian, Euskal Herriko Artzain Txakur Elkartea omendu zen Gipuzkoako artzain egunaren baitan eta Bengoa elkartearen ordezkari gisa aritu zen, arratsaldean berriz, artzain txakur txapelketan parte hartu eta lehenengo postua eskuratu zuen Eder txakurrarekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!