Jose Luis Lazkanoiturburu oñatiarrari kalea eskainiko diote Valentziako Manises herrian

2018/09/12
Card image cap
Oñatiko ordezkaritza batek parte hartuko du hilaren 22ann egingo den ekitaldian

  Jose Luis Lazkanoiturburu agustinoak 40 urtetik gora eman zituen Manisesen, behar handiena zuten bizilagunei laguntzen eta justizia sozialaren alde lanean. Iazko martxoan hil zen baina oso gogoan dute oraindik, maitatua da, eta kale bat eskainiz aitortu nahi diote egindako lana. Manises herriko udal taldeak hilaren 22rako antolatzen ari diren omenaldiaren berri eman zion Oñatiko udalari, bertaratzeko gonbidapena luzatzearekin batera. 5 laguneko ordezkaritza bat joatea onartu zen uztaileko Osoko Bilkuran eta gaiari buruzko Erakunde adierazpena onartu zen. Oñatitik, 2 dantzari, txistulari bat eta bi zinegotzi joango dira aipatu omenaldi eta kale eskaintza ekitaldian parte hartzera. Nerea Zubia eta Ana Martin zinegotziek osatuko dute udal ordezkaritza.

  Azken Osoko Bilkuran onartutako Erakunde adierazpenean Jose Luis Lazkanoiturburu Korkostegiren bizitza laburbiltzen da. 1929an jaioa, Oñatiko agustinoen seminarioko arduradun izan zen. 1968an bizimodua aldatzeko erabakia hartu zuen eta Antonio Garai eta Angel Elortzarekin batera Valentzia aldera joan zen eta pioi-lanetan hasi zen, apaiz-langile bihurtuz. Manisesera 1970ean iritsi ziren Garai eta Lazkanoiturburu eta abade ardurak  langile bizitzarekin uztartuta betetzen jarraitu zuten. Garaiko eliz arduradunek ez zituzten begi onez ikusten baina auzotarrekin batera bizi eta lan egitea ezinbesteko jotzen zuten. Auzotarren mugimendu eta aldarrikapen ekintza askoren buruan egon ziren oñatiarrak. Erretiroa hartu ondoren ere, herritar elkarte eta plataformetan parte hartzen jarraitu zuen, beti ere, aberastasunaren banaketa hobe eta justuagoa aldarrikatzen.

  2003an, Lluna plena saria eman zioten behartsuenen bizi baldintzak hobetzeko izan zuen ibilbideagatik. 2013an Maniseseko Esquerra Unida alderdiaren 17 de abril saria jaso zuten Lazkanoiturburu eta Garai oñatiarrek, herrikideen eta justizia sozialaren alde egindako borrokagatik eta iazko otsailean, Maniseseko Ohorezko Hiritar izendatu zituzten herriaren alde egindako lana errekonozituz. Handik egun gutxira hil zen Jose Luis Lazkanoiturburu. Hileta Manisesen egin zitzaion eta Oñatin lurperatu zuten.

  Jose Luis Lazkanoiturburu eta bere taldekideek egindako lanaren alderdi soziala goraipatzen duen Erakunde adierazpena aho-batez onartu zen uztaileko Osoko Bilkuran. Era berean, agustino hauen ekinbide sozial eta humanitarioa oñatiarrei azaltzea garrantzitsua dela azpimarratzen da idatzian. Adierazpenaren berri Maniseseko udalari eman eta Oñati herriaren esker ona adierazteko, Jose Luis Lazkanoituburu kalearen inaugurazio ekitaldian udal ordezkaritza bat bertan izatea ere onartu zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!