Jaso diren eskaeretara egokituta, adinekoak eta behar bereziak dituzten pertsonak zaintzeko formazio ikastaroa arratsaldez egingo da eta azaroaren 3an hasiko da.

2014/10/20
Bitartean, parte hartzeko interesa dutenen izenak jasotzen jarraituko da.

  Hasiera batetan, “zaintza eta etxeko lanak” izeneko ikastaroa, goizez emateko asmoa bazegoen ere, izena eman duten partaideen behar eta disponibilitatera moldatuta, arratsaldez emango da. Izan ere, asko, sektorean lanean ari dira eta atsedenerako dituzten orduak eta familiekin hitzartutako beste tarte bat hartuta ikastaroa bete ahal izango lukete baina arratsaldez balitz. Halaxe adierazi zieten udaleko teknikari eta arduradunei eta ikastaroa emango duen Bastida akademiarekin kontsulta egin ondoren, kurtsoa, goizetik arratsaldera aldatzea erabaki da. Horrek, egutegian beste moldaketa txiki bat eragin du eta ikastaroa bi aste beranduago, azaroaren 3an hasiko da. Ondorioz, parte hartzeko interesa dutenek, izena emateko aukera berria dute.

  Ordutegia eta egutegia aldatu arren, zaintzari buruzko formakuntza ikastaroaren edukia hasieran iragarri bezala mantentzen da. 120 orduko iraupena izango duen ikastaro honen helburua, laster sektorean lan egiteko beharko den profesional ziurtagiria eskuratzea da.

  “Zaintza eta etxeko lanak” ikastaroan halako jardunak biltzen dituen esparru ezberdinak jorratuko dira: etxeko garbiketa, sukaldaritza, zaintzen den pertsonaren higiene, elikadura, mobilizazioa eta jantzi eta erropen garbiketa, plantxa edo oinarrizko joskintza, besteak beste.

  Ikastaroa, azaroaren 3an hasiko da esan bezala, eta astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 3tatik 7etara emango da Zubillagako Olaburu zentroan.

  Izena emateko epea berriro ireki da eta interesa duenak, Bidebarrieta kaleko 12an enplegu zerbitzuak dituen bulegoetatik pasa behar du edo bertara telefonoz deitu: 943.037700 da zenbakia.

  Printzipioz, ikastaroa arratsaldez nahiz goizez egin asmo dutenen izenak jasoko dira. Ordutegia aldatuta, ikastaroa goizez bakarrik egin zezaketen  hiru lagun kanpoan geratu direla ikusita, etorkizunean, antzerako formazio saioa goizez emateko asmoa baitago.

  Plazak mugatuak izaten dira eta azaroaren 3an hasiko den ikastaroan gehienez 20 lagun onartuko dira. Oraingoz, parte hartzeko interesa duten hamaiken izenak jasota dituztela adierazi digute udaleko enplegu zerbitzutik.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!