Jaixak direla eta, Txaketuaneko bidegurutzea eta Unibertsitate etorbidea domeka arratsalde-ilunkaran trafikorako itxi egingo da.

2014/09/26
Card image cap
Bidegurutzea, astelehen eta asteartean tarteka ere itxiko da. Astearte arratsaldean, sokamuturra kalebarria eta Atzeko kalera zabalduko dela eta alkate bandoa atera da.

Jaixak tarteko segurtasun neurri bereziak hartuko ditu udaltzaingoak eta kultura batzordeak.

  Udaltzaingoari dagokionean, jende pilaketa aurre ikusten den leku eta unetan trafikoa moztu egingo da. Domekan konkretuki, Txantxikuaren Jaitsieran eta Danborrada tarteko, arratsaldeko 7etarako jada, Aker taberna paretik behera ezin izango da autoz pasa. Errepidea, beste muturrean, Unibertsitate etorbideko errotonda parean itxiko da. Aipatu pasabidea gaueko ordu txikiak arte itxita egongo da. Ondorioz, Bakardadeko ama kaletik behera doazen ibilgailuak Portu kalerantz edo San Anton kalerantz bideratuko dira eta Postetxe aurrealdetik doazenak berriz, saihesbiderantz.

    Astelehen eta asteartean ere, Txaketuaneko bidegurutzea tarteka itxi daiteke, beti ere, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera.

  Asteartean berriz, Kale Barria, Atzeko kale eta Kirrineko kantoiko bizilagunek sokamuturra bi kale eta kantoi horietara zabalduko dela kontutan hartu beharko dute. Ramon Irizar kaletik Atzeko kalerako pasabidea, arratsaldeko 4etan itxiko da.

  Sokamuturretan segurtasun arauak gogoratuz, alkate bandoa atera da eta Kale Barria eta Atzeko kaleko bebarruetan jarri da. Inguruko tabernari eta dendariei ere jakinarazi zaie sokamuturrak irauten duen bitartean,  lokaletako ateak eta leihoak itxita eduki beharko dituztela. Sokamuturra hasi aurretik bestalde, udal langileek eskaparateetako kristalak paperez estaliko dituzte. Horrela, zezenak bertan ez dira islatuko eta ez dute kristalaren kontra joko.

    Bizilagunen batek sokamuturra hasi ondoren etxetik irten edo sartzea  guztiz beharrezkoa balu, probaren zaintzaileekin jarri beharko du harremanetan zaintzaileak arduratuko baitira seguru noiz irten edo sartu esateaz.

  Sokamuturrean parte hartzeko 16 urte edo gehiago izan behar direla azpimarratzen da kultura departamentutik. Astearteko sokamuturra, arratsaldeko 5etatik 7 eta erdietara egingo da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!