Jaietako hainbat ekitaldi, moldatuta, baina egin-egingo direla jakinarazi zen jai batzordearen atzoko bileran
Datozen asteetan pandemiaren egoera asko okertzen ez bada, San Migel jaietan ohikoak diren hainbat ospakizun berreskuratuko dira aurten, nahiz eta, egokitu egin beharko diren. Haur danborrada da horietako bat; geldian, toki finko batean, eta aforoa mugatuta dagoela berreskuratzeko asmoa dute antolatzaileek, jai batzordearen bilera irekian azaldu zutenez. Nagusien danborrada aldiz, bigarren urtez bertan behera geldituko litzateke.
Haurren danborrada noiz egin zehazteko dago oraindik eta beste horrenbeste artzain txakur txapelketaren kasuan. Data finkatzeko dago eta partaideen hautaketa ere bai, Oñatira herrialde ezberdinetako txapeldunak etorri ohi direlako baina aurreko sailkapen lehiaketak egingo diren ezin delako ziurtatu. Okerrik ezean ziurtatu genezake Oñatz dantza taldeak 50. urteurreneko ekitaldi nagusia egingo duela eta eguna, kasik seguru, irailaren 26an izango dela. Kasu honetan lekua dago finkatzeko.
Udalak karpa handi bat muntatuko du kultur ekitaldietarako, iaz egin bezala. Egitaraua zehazten hasita daude baina dagoeneko erabakita dago iazkoa baino karpa handiagoa ekartzea. Litekeena da gainera, Olaitturrin muntatzea eta plaza ondoko jolaslekua barrakentzako gordetzea, sektorea urte eta erdi oso zaila bizitzen ari baita. Baina, hori ere oraindik lotzeko dagoen zerbait da.
Txosna batzordeko ordezkaritza bat ere hurbildu zen atzoko bilerara. Txosnagunea ohiko lekuan muntatzeko asmoa dute, mahaiak jarrita. Baina egitarauari dagokionean oraindik goiz dela adierazi zuten.
San Migel egunaren inguruko jai eta kultur ekitaldietarako 200.000 euroko partida du Udalak. Mahai gainean jada aipatutako ekitaldiez gain beste batzuk daude aztertzeko: haur eta gaztetxoentzat jolas parkeak antolatzea edota Herri Eguneko herriko gazta txapelketa egitea. Guzti horiei eta datozen egunetan sortuko diren beste aukera batzuei forma ematen joango dira eragile ezberdinekin, jai batzordearen bilera berririk egitea ez baita aurreikusten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!