Jaien ordezko ekitaldiak eta Txosna batzordeak egindako eskaera aztergai gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2021/09/16
Card image cap
Udako etenaren ondorengo lehenengo batzarra izango da

  Aurten ere ez dira San Migel jaixak ospatuko baina jaien ordezko kultur egitaraua prestatu du udalak, herriko eragile ezberdinekin elkarlanean, iaz bezala. Egitarauan musika nagusi izango da baina herri kirolak, bertso jaialdia, mus txapelketa eta artzain txakur txapelketa ere jaso dira. Ekintza gehienak plaza ondoko jolasgunean jarriko den karpan gauzatuko dira. Gaia asteartean bildu zen kultura batzordean aztertu zen eta gaur gobernu taldeari aurkeztuko zaio, egitaraua eta aurrekontua onartu ditzan.

  Era berean, Txosna batzordeak egitarau osagarria prestatu du eta hori aurrera eramateko baimena ez ezik, dirulaguntza eta zenbait material eskuratzeko eskaera bideratu dio udalari. Gai hori ere gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean aztertuko da.

  Lankidetza hitzarmen baten inguruko xehetasunak ere emango zaizkie gobernu taldeko kideei arratsaldeko bileran. Udalaren eta Txanda elkartearen arteko lankidetza publiko-pribatuko hitzarmena Hirigune programaren baitan kokatzen da eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituen dirulaguntzak eskatzeko ezinbesteko baldintza da. Lankidetza hitzarmen honetan merkataritza sustatzeko 2021eko ekintzak zehazten dira, bai udalak sustatzen dituenak baita Txandak antolatutakoak ere. Hirigune programaren baitan udalak eta Txandak urtero izenpetzen duten lankidetza hitzarmen hau, udalak merkatari elkarteari eman ohi dion urteko dirulaguntzaren osagarri da. Sektorea sustatu, profesionalizatu eta elkartegintza indartzeko helburuz aurten egiten ari diren ekintzetarako 20.000 euroko gehienezko dirulaguntza onartu zuen udalak, uztaila amaieran. Baina xehetasunak arratsaldeko bileran emango dira.

  Udako etenaren ondorengo lehenengo Tokiko Gobernu Batzarra izango da gaurkoa. 17:00tan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!