Jai parekideen aldeko Adierazpen Instituzionala onartu zen atzoko Osoko Bilkuran
Lan zerrendaz kanpo baina urgentziazko gai gisa azaldu zen Jai Parekideen Aldeko Adierazpen Instituzionala. Jaiak era baketsu, alai eta parte hartzailean bizitzeko deia zabaldu zitzaien herritarrei. Udalbatzak nahi duen jai eredua inklusiboa, anitza, parte-hartzea ahalbidetzen duena, errespetuan oinarritua, librea eta berdintasunekoa dela aipatzen da Adierazpenean, sexu eraso bat ere izango ez duena. Zentzu horretan, sexu erasoak pertsonen askatasunaren kontrako eraso zuzenak eta pertsonen duintasunaren aurkakoak izaki, onartezinak direla azpimarratzen da eta halakoen aurrean, herritarrei erantzutea eskatzen zaie. Ustezkoa gertaera txiki nahiz larrien aurrean erantzutea eskatzen da, muturreko egoerei aurre egin ahal izateko. Eta horren ardura guztiona dela errepikatzen da Adierazpen Instituzionalean.
Idatzia, jaien testuinguruan kokatzen bada ere, emakumeen aurkako indarkeriari urteko 365 egunetan aurre egin behar zaiola azpimarratzen da.
Eta jaietan emakume nahiz gizonek ondo pasa dezaten, zaintza eta etxeko lanen ardurak, erantzunkidetasunean, denon artean banatzearen beharra ere aipatzen da. Amaitzeko, jaiak jai baino izan ez daitezen, erasorik gabe, erantzunkidetasunean eta errespetuan ondo pasatzeko mezua zabaldu zuen Udalbatzak atzoko Osoko Bilkuran.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!