Oñatiko udala

Izaro Elorzak alkategai izateko hautagaitza aurkeztu du EH Bilduren baitan

2022/11/16
Card image cap
Azaroaren 27ra arteko epea dago koalizioan alkatetzarako hautagaiak presentatu daitezen

  Udal hauteskundetarako zerrendaburua aukeratzeko prozesua hasi du Oñatiko EH Bilduk. Astelehenean ireki zen hautagaitzak aurkezteko epea eta lehena, eta orain arte bakarra, Izaro Elorzarena da. Sare sozialen bidez jakinarazi du Izaro Elorzak berak EH Bilduko alkategai izateko hautagaitza aurkeztu duela. Orain hiru urte bideari ilusioz ekin ziola eta beste lau urtez herriaren alde lanean jarraitzeko ilusioz jarraitzen duela argitaratu du.

  Oñatiko EH Bilduk datorren maiatzean egingo diren foru eta udal hauteskundeak prestatzeko prozesua abian du. Azaroaren 26rako Herri Batzarra deitu da eta, besteak beste, herriko plangintza eta hauteskunde prozesua azalduko da. Aldi berean, udal hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzeko prozesua abian da. Hautagaiak aurkezteko epea azaroaren 27ra arte luzatuko da, esan bezala. Ondoren, egutegi ezberdina jarraituko da hautagai bakarra edo gehiago badaude. Bakarra bada, orain arte bezala, barne bozketa egingo da abenduaren hasieran eta, erreklamazioetarako epea beteta, hautagaitza hori abenduaren 6rako publiko egin daiteke. Hautagaitza bat baino gehiago presentatzen badira, epeak 15 egunez luzatuko dira, hautagaien arteko eztabaida egitea aurreikusten baita. Bozketarako eta erreklamazioetarako egunak ere izango dira. Luzeenera jota, hautatutako zerrendaburuaren izena abenduaren 20rako edo jakinarazi daiteke.

  Oraingoz hautagaitza bakarra jaso da EH Bilduren alkategai izateko eta Izaro Elorzak, egungo alkateak, aurkeztu du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!