Izaro Elorza izango da EH Bilduko alkategaia maiatzeko udal hauteskundeetan
EH Bilduko herrigintzako mahaian parte hartzen duten hainbat hautetsi eta herritarren babesa zuela, aurkeztu zuten atzo Izaro Elorza Oñatiko alkategai gisa. Elorzaren hautagaitza bakarra izan da alkate izateko prozesuan, abendu hasierako bozketan koalizioko kideek hautagaitza berretsi dute, eta atzo publiko egin zen.
Iñaki Olalde udal gobernuko kideak egin zuen aurkezpen ofiziala eta Izaro Elorza emakume langilea, fina, arduratsua eta konprometitua dela esan zuen. Amaitzear dagoen legealdi honetan gauzatu diren hainbat proiektu zerrendatu zituen eta beste batzuei jarraipena emateko Elorza alkatetzarako hautagairik aproposena dela azpimarratu zuen.
Izaro Elorzak berak jasotako babesa eskertu zuen eta bereziki taldekideak eta etxekoak izan zituen gogoan. Alkatetzan egindako urteak esperientzia oso aberasgarria izaten ari dela onartu zuen eta beste lau urtez aritzeko prestutasuna azaldu zuen.Udal ibilbidean dituen taldekideen inplikazio handia azpimarratu eta txalotu zuen Elorzak. Baina lau urte hauek motz geratu direla onartu zuen zenbait esparru eta gaik lanketa oso sakona eskatzen dutelako, baldin eta ondo egin nahi badira, eta horren aldeko izaki, jarraitzeko prest dagoela adierazi zuen.
Udal hauteskundeak 2023ko maiatzaren 28an egingo dira eta EH Bildu da alkategaia ofizialki aurkeztu duen lehenengoa, eta bakarra, oraingoz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!