Oñatiko udala

Izan Intervencion familiar y comunitaria enpresa kontratatuko da esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozial zerbitzuak emateko

2022/06/16
Card image cap
Uztailaren 4an sinatuko da kontratu berria

  Izan Intervencion familiar y comunitaria enpresa ezaguna da Oñatin, urteak baitaramatza babesgabetasun egoeran dauden adingabe eta familiei eta bazterkeria arriskuan dauden helduei zuzendutako zerbitzua ematen. Aurreko kontratuaren iraunaldia beteta, esleipen prozedura berria egin du Udalak eta aurkeztu ziren bi proposamenen artean Izan taldearena lehenetsi du Kontratazio Mahaiak. Aurkeztutako memoria teknikoaren balorazioa erabakigarria izan da.

  Zerbitzu honen helburuak dira, besteak beste, babesgabetasun eta bazterkeria kasuen detekzio goiztiarra, ekintza terapeutikoak eta hezkuntza arlokoak garatzea adingabeekin eta gizarte bazterketa egoeran dauden helduekin eta arlo horietan udal-komunitate zerbitzuekin elkarlanean eta koordinazioan jardutea. Prebentzioko zerbitzua ere eskaini beharko da familia, guraso, adin txikiko eta abarrekin arlo defizitarioak edo sintomak lantzeko, taldeko programak edo jarduerak eginez babesgabetasun eta bazterketa esparruan.

  Esleipen prozedura hau etenik egon zen hainbat hilabetez, AGISASek, Integratzaile Sozialen eta Animatzaile Soziokulturalen Gipuzkoako elkarteak errekurtsoa jarri zuelako zerbitzua emango luketen langileen profila zehazten zuen puntuaren kontra. Errekurtso hori argituta, prozesuak aurrera jarraitu zuen eta Kontratazio Mahaiaren proposamena jarraituz, kontratua uztailaren 4an sinatuko du Udalak, Izan Intervencion familiar y comunitaria enpresarekin.

  Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzua bi urtetarako kontratatuko du Udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik. Horretarako onartu den aurrekontua udalak zehaztu zuen lizitazio prezioaren kasik parekoa da, 500 eurotan merkatu baitu Izan enpresak lehenengo urterako eskaintza ekonomikoa. Onartutako aurrekontua 236.500 euro (+BEZ) da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!