Oñatiko udala

Ivan Repilaren literatur hitzaldia atzeratu egin du liburutegiak, kulturgileen greba dela eta

2020/04/21
Card image cap
Hitzaldia apirilaren 24an izango da

  Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko helburuz online emango diren bi hitzaldi ireki antolatu ditu udal liburutegiak, irakurketa taldeetako dinamizatzaileekin. Lehena Ivan Repilak bihar bertan eman behar zuen baina atzeratzea erabaki da, kulturgileen greba dela eta. Greba deialdi hau, euskal kultura-sortzaile eta bultzatzaile askok bizi duten egoera salatzeko eta agintari ezberdinei premiazko neurriak eskatzeko egiten ari dira, gaur eta bihar. Osasun alarmak etxean geratzea eragin du eta kultur ekitaldi asko bertan behera geratu dira eta beste asko doan zabaltzen ari dira sareen bidez. Baina gaur eta bihar halakoak propio eten dituzte kultur sortzaile askok, kulturaren balio sozialaz eta sortzaileek beraiek dituzten beharrez hausnarketa egin dadin.

  Liburutegiak eta Oñatiko udalak beharrezkotzat jotzen dute hausnarketa hori egitea. Liburutegian egin ohi diren kultur ekitaldiak eta programatuta zeudenak mantentzeko konpromisoa dute. Online egin ezin direnak atzeratu egiten dira, baina ez dira bertan behera utziko. Hala, martxo eta apirilerako iragarrita zeuden Tuppersex eta ipuin erotikoak saioa, Kurdistango istorioen kontaketa, Amets Arzallusen Miñan liburuaren aurkezpena edota haurrentzako Amelieren ipuin kontaketa edota txotxongiloak sortzeko tailerra udazken-neguan egiteko asmoa dago. Liburutegiak online eta aurrez aurre antolatzen dituen jarduera guztiak ordaindu egiten direla ere garbi utzi nahi dute antolatzaileek, sortzaileen duintasunak hala eskatzen duela ulertzen baitute.

  Ildo horretan, sortzailearekin duten konpromisoa berretsiz, biharko iragarrita zegoen hitzaldia atzeratzea erabaki dute antolatzaileek, gaur eta biharko egin den greba digitalerako deialdia errespetatuz. Ondorioz, lehenengo hitzaldia Yurre Ugartek emango du etzi, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Egunean bertan. Literatura, komikia eta erresistentzia: Joana Maiz izeneko saioa osatuko du. Eta ostiralean berriz, apirilaren 24an, Ivan Repilak  En cuarentena: una mirada lúdica al confinamiento en la literatura hitzaldia eskainiko du. Biak, 18:00tan hasiko dira eta guztiz irekiak dira, interesa duten herritar guztientzat. Horretarako liburutegiak zabaldu duen esteka (https://meet.jitsi.si/OnatikoliburutegiaHitzaldia) klikatu besterik ez da egin behar.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!