Oñatiko udala

Itziar Ugarteren ipuin bat jasotzen duen Gabriel Aresti Sariak liburua aurkeztu zen atzo

2021/11/09
Card image cap
2020an akzesit batez saritu zuten “Beraneantea” ipuina

  2019 eta 2020ko Bilbao Hiria ipuin lehiaketetan saritutako lanak bildu ditu Erein argitaletxeak Gabriel Aresti Sariak/Premios Gabriel Aresti liburuetan. Batean euskarazko sei lan sarituak jaso dira, edizio bakoitzeko hiruna, eta bestean, gaztelerazkoak.

  Itziar Ugarte Irizarrek 2020an Beraneantea izeneko lana aurkeztu zuen Bilboko udalak antolatzen duen Gabriel Aresti ipuin lehiaketara eta akzesit sarietako bat lortu zuen. Bestea, Lourdes Unzuetak idatzitako Neskatoa ogi bila doanekoa lanak jaso zuen. Bakoitzak 1.750 euroko saria poltsikoratu zuten. Sari nagusia berriz, 3.500 eurokoa, Mikel Ayllon Corralek eraman zuen Emakume-bala lanarekin. Hiru ipuin horiek eta 2019an saritutako beste hirurek osatzen dute atzo Donostian aurkeztu zen Gabriel Aresti Sariak liburua.

  Baina datorren astean Itziar Ugarte Irizar izena daraman beste liburu bat aurkeztuko da, kasu honetan oñatiarraren izena soilik eramango duena gainera: Gu gabe ere. Itziar Ugarteren lehen poesia liburua da eta Susa argitaletxeak kaleratu du. Bizitza eraikitzen ari den gaztearentzat lurrikara bat da tarte laburrean gertatutako hiru aitona-amonaren heriotza. Garai bat kontatzeko nahia, oroitzapenak eta deskubrimendu berriak, gozamena eta ziurgabetasuna dira liburuko gaietako batzuk.
Argitaratu berri den Gu gabe ere poema liburua hilaren 18an Donostiako udal liburutegian aurkeztuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!