Itziar Ugarte Irizarren “Gu gabe ere” liburua aurkeztu da

2021/11/19
Card image cap
Arg: Jagoba Manterola /FOKU
Oñatiarraren lehenengo poema liburua Susa argitaletxeak kaleratu du

  Momentu bat jasotzen du Itziar Ugarteren lehenengo poema liburuak: dena irabazteko izan eta dena galtzeko beldurra sentitzen hasten garen momentu hori. Erabaki, deskubrimendu eta oroitzapen berrien garaia. Bizitza eraikitzen ari den gaztearentzat lurrikara bat da tarte laburren hurbileko hiru pertsonen heriotza eta bizipen horrek denbora eta lekuarekiko kezka areagotuko dio, munduarekiko begirada aldatzen eta zailtzen ari den bitartean. Garai bat kontatzeko nahi eta beharra, gozamena eta ziurgabetasuna dira Gu gabe ere liburuko olerkietan jorratzen diren gaietako batzuk.

  58 poema biltzen dituen liburua Susa argitaletxeak kaleratu du eta atzo eguerdian aurkeztu zen Donostiako udal liburutegian. Oñatin ere egingo du aurkezpenik, azaroaren 28an, Antixena gaztetxean.

  Itziar Ugarte Irizar Berria egunkariko kazetaria da egun. Itu bandako kide izan zen, eta orain argitaratu berri dio Erein argitaletxeak Beraneantea izeneko ipuina, Bilboko Udalaren Gabriel Aresti ipuin lehiaketan saritutako beste hainbat narraziorekin batera osatutako bilduman.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!