Irungo Harrera Sarearen aldeko material bilketa egingo du Txantxiku ikastolak

2023/03/17
Card image cap
Migrazio-politikak salatu eta pertsona migranteei babesa helaraztea da ekimenaren helburua

  Eskualdeko hiru ikastolek, Txantxiku, Arizmendi eta Aranzadi ikastolek elkartasun ekimena jarriko dute abian bihar, Irungo Harrera Sarearekin elkarlanean. Egungo migrazio politikak salatu eta pertsona migratzaileei euskal herritarron babesa helarazteko asmoz hainbat ekintza burutuko dira, lehena, material bilketa izango da.

  Bihar, Txokolateixa ondoan, material bilketa egingo dute ikastolako lagunek, 11:00etatik 13:00etara. Datorren astelehenetik aurrera ere, martxoaren 31ra arte, materiala biltzen jarraituko dute Txantxiku ikastolan bertan. Hauek dira batu nahi direnak: telefono mugikorrak eta kargagailuak, helduentzako mendirako oinetakoak, mendirako prakak eta txamarrak eta motxilak.

  Irungo Harrera Sarearekin elkarlanean eskualdeko ikastolek abian jarri duten elkartasun proiektua ez da oraingo material bilketara mugatuko, beste ekintza batzuk ere egingo baitira datozen aste eta hilabeteetan zehar.

  Irun ezinbesteko muga-pasabide da aukera berriak bilatzeko beren jatorrizko lekua utzi duten pertsonentzat. Erakunde publikoek betetzen ez duten asistentzia hutsuneak betetzeko asmoz bildu zen boluntario taldeak osatzen du Irungo Harrera Sarea. Elikagaiak, arropa, garbitasuna, osasun-laguntza eta abar eskaintzen diete mugara hurbiltzen diren etorkinei. Gurutze Gorriak astean eman dituen datuen arabera, Irungo bere zentroan 6.253 migratzaile artatu zituzten iaz. Baina zentro horretara jo gabe gehiago dira muga zeharkatzen saiatzen direnak eta askok, Harrera Sarearen laguntza jasotzen dute. Sare horren esku jartzeko materiala bilduko dute Txantxiku, Arizmendi eta Aranzadi ikastolek bihar hasi eta hil akaberara arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!