Irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira musika eskolan
Jose de Azpiazu musika eskolaren inguruan uda partean egin diren egokitze lanak osatuz, eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan egingo dira. Sarreran, eraikin nagusi nahiz ondoko modulu batera sartzeko arrapala bana egingo da egin eta komun bat ere egokituko da gurpildun aulkiaz sartu ahal izateko. Kanpoaldean zakarrontzi berriak ere jarriko dira. Lanak, urtea bukatu aurretik egingo dira baina noiz hasiko diren zehazteke dago oraindik. Hala ere, lanak hasi eta bukatzeko hamabost egun beharko direla adierazi zen atzo musika eskolan bertan eman zen prentsaurrekoan. Uda partean, berriz, eskola goialdeko aparkalekuak eta eskailerak egokitu dira eta argiteria ere hobetu da.
Baina ingurua hobetzeko lanak eginagatik, musika eskolaren kokapena egokiena ez dela onartu zuten udaleko nahiz musika eskolako arduradunek. Gorritxitxiko aldapak iristeko zailtasunak jartzen ditu eta eraikina bera ere txiki geratu da jada. Ondorioz, aurten hasi den dantza ikastaroa eskolatik kanpo, Zuazola institutuan ematen da. Etorkizunera begira, balizko kokapen berriak aztertzen hasi direla adierazi zuen Nerea Zubia kultura zinegotziak. Agustinoen eraikina aipatu zen baina beste aukera batzuk badaudela esan zuen. Baina hausnarketa hori hasi besterik ez dutela egin onartu zuen. Dena den, legealdia amaitzerako erabakiren bat hartuko dutela aurreratu zuen.
Jose de Azpiazu musika eskolak 380 ikasle ditu gaur egun, gazteenek 2-3 urte dituzte eta nagusienak jubilatuta daude. Eskaintza oso zabala da eta bide horretan jarraitzeko asmoa dute baina guztiek onartzen dute egungo kokapena eskola gehiago garatzeko muga dela.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!