Irakurle talde ugari sortzen ari dira gurean.

2013/02/01
Pake Leku elkartean euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzea helburu duen taldea lanean hasi da eta Udal Liburutegian euskaraz nahiz gaztelerazko irakurle taldeak osatu asmo dira.

  “TERTULIXAN, irakurleen kluba/club de lectores” izena izango dute liburutegian eratuko diren bi irakurle taldeek, hizkuntza bakoitzean idatzi edo itzulitako liburuak irakurri eta eztabaidatzeko aparteko taldeak eratu asmo baitira. Izango da tartean, dena den, bi klubetako partaide denik.

  Une honetan, taldeak osatzeko deialdia egin da. Interesa duen edozein irakurzaleek parte hartu dezake. Horretarako izena udal liburutegian bertan eman behar da otsailean zehar. Asmoa, martxoan eztabaidarako lehen liburua zehaztu eta irakurle kluben lehen saioak apirilean egitea da. Bitartean, liburutegiko arduradunek beste xehetasun batzuk erabakiko dituzte, adibidez, eztabaidak nola eta nork dinamizatuko dituen.

  Pake leku elkartean berriz, urrats bat aurrerago doa. Hemen 7 laguneko taldea eratu da eta lehen liburu-solasaldia egin dute jada.

  Elkarteko jubilatu batzuen ekimenez sortu da Pake Lekuko euskarazko irakur taldea. Kasu honetan aukeratu den hizkuntzak garrantzia du. Taldearen helburua, euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzea baita. Horretarako, hilean behin gutxienez, aurrez irakurritako euskarazko liburu bati buruzko elkarrizketa edo solasaldiak egingo dituzte. Pare bat orduko iraupena izango duten saio hauek ere euskaraz dira.

  Urtarrilean zehar, Uxue Alberdiren “Aulki jokoa” liburua irakurri dute eta astelehenean, irakurritakoaz, lehen solasaldia egin zuten. Aipagarria da, iritzi trukaketa saio honetan luxuzko dinamizatzailea izan zutela, Uxue Alberdi bera etorri baitzen Pake Leku elkartera.
Otsailerako berriz,  Andrej Longo italiarraren “Hamar” izeneko liburua aukeratu dute. Bigarren literatur tertulia, otsailaren 19an egingo dute.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!