Oñatiko udala

Irailaren 27an egingo dira lurrak hartu aurreko aktak Goribarko biribilgunea eraikitzeko

2022/09/07
Card image cap
Lur jabeak eta Aldundiko ordezkariak udaletxean elkartzeko hitzorduak argitaratu dira

  Asteleheneko Gipuzkoako aldizkari ofizialean kaleratu zen oharra. GI-2630 errepidean Goribarren biribilgunea eraiki dadin proiektuak ukitzen dituen lurren jabeak irailaren 27an udaletxean agertu daitezen deitu ditu Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketarako departamentuak. Maila ezberdinean baina proiektuak ukituko dituen 3 lurzatien jabeei hitzordu konkretua jarri zaie lurrak hartu aurreko aktak egiteko eta, bidezkoa bada, zuzenean lurrak hartzeko. Lehen hitzordua 10:00etarako egin da, bigarrena 10:40rako eta azkena 11:40rako.

  Lurrak hartu aurreko aktak egitera lur jabeek eurek joan beharko dute edota bere izenean jarduteko behar bezala baimendutako ordezkariek. Jabetzaren egiaztagiriak eraman beharko dituzte, hau da, erregistroko eskriturak, ziurtagiriak edo ohar informatiboak, eta nahi badute, peritu edota notarioak lagunduta joan daitezke, beti ere hauei ordaintzea lur jabeen kontura izango delarik, Aldundiko oharrean zehazten denez.

  Lurrak hartu aurreko aktak egiteko deialdira Goribarko biribilgune proiektuak ukitzen dituen hiru lursailen jabeak deitu dira. Hiruren zatiak desjabetu eta aldi baterako okupatzea aurreikusten da, 411 metro karratu desjabetuz eta beste 287 metro karratu aldi baterako hartuz. 9,12 metro karraturen gain, berriz, zortasun figura aplikatuko da.

  GI-2630 errepidean, 18,250 KP-an Goribarko biribilgunea izango dena egiteko proiektua behin betiko onartu zen iazko azaroaren 30eko Diputatuen Kontseiluan. 40 metroko kanpo diametroa izango duen biribilgunea egingo da, 6 metroko zabalera duen eraztun erreia eta 12,5 metroko barne erradioa izango dituelarik. Bide adar bakoitzak zirkulaziorako sarrera eta irteera errei bana izango ditu eta horiek lerrokadura kurboak dituzten irlatxo deflektorez osatuko dira, hurbiltze abiadura murriztera bultzatu eta ibilgailuak zirkulazio birakarian sartzea errazteko. Era berean, espaloia eraikiko da Kasablanka aldera eta Torreauzoko bidegurutze aldera. Proiektuaren lizitazio aurrekontua 499.549,40 eurotan finkatu zuen Diputazioak azaroan eta lau hilabeteko exekuzio epea zehaztu zuen. Lizitazio prozesua abiatzeko dago oraindik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!