Iparraldeko eta Frantziako publikoari zuzenduta promozio berezia egin du udaleko Turismo departamentuak

2019/04/10
Card image cap
Turismo bulegoan iaz izan ziren bisitarien % 10 Frantziatik etorri ziren

  Frantziako turistak betidanik hurbildu dira Oñatira. Atzerritik datozenen artean ugarienak izaten dira. Baina zaintzen jarraitu behar den bisitaria da eta horretan dihardu udaleko Turismo departamentuak. Jakinik gainera,  hedabideetan agertzen diren erreportajeen jarraitzaile den publikoa dela. Horregatik, medioetan eragitea erabaki du aurten ere udalak.

  Iparraldeko bisitariak erakartze aldera, Soud Ouest egunkariko ONGI ETORRI gehigarrian Oñatiri buruzko artikulua argitaratu da. Arkitektura, kultura, ingurumena eta gastronomia uztartuz, Oñatiko unibertsitatea eta herri gunea ez ezik, Arantzazuko Santutegia, Arrikrutz, Aizkorri-Aratz natur parkea, Txokolateixa edota Gomiztegi bisitatzeko gomendioa egiten da orrialde erdiko artikuluan. Era berean, Tourmagazine aldizkarian ere Oñatiko ondare kultural eta naturalaren berri ematen da gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Promozio artikulua udaberriko alean argitaratu da baina udakoan beste horrenbeste egitea aurreikusten da.

  Turistak erakarri ez ezik, ahalik eta zerbitzu egokiena eskaini behar zaie; turismo bulegoan eta Arrikrutzeko koban bisitak frantsesez egiten dira. Hori bai, aldez aurretik eskatu behar dira.

  Oñatiko udalak eta OÑATUR enpresak egiten dituzten promozioei, Eusko Jaurlaritzak egiten dituenak batu behar zaizkio. Alde horretatik ere, garrantzitsua da esaterako, Bordeleko turismo azokan egiten dena.

  Iparralde eta Frantziara begira ez ezik, Euskal Herria eta beste jatorri bateko balizko bisitariak erakarri asmoz, promozio-bide ezberdinak jorratzen dira Turismo departamentutik. Bai Euskadi irratian eta Gaztea irratian publizitatea jarriz edo sare sozialetan oso aktibo izan eta informazioa etengabe berrituz.

  Sustapen kanpaina honen baitan, Arrikrutzen eta turismo bulegoan eskaintzen diren produktuak berritzea ere erabaki da. Berrerabilitako poltsak, tazak, boligrafoak, kantinplorak eta kamiseta berriak egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!