Institutu aurreko plazatxoa “Irunberri plaza” bihurtu du Txosna Batzordeak

2015/09/24
Card image cap
Irunberriko gertaeren 25. urteurreneko egitasmoarekin bat egin nahi izan dute

  Txosnaguneari Irunberri plaza izena jarri ez ezik, 25 Iruberri oroituz diskoaren aurkezpena ere egingo da bertan. Domekan, arratsaldeko 19.00tan izango da eta diskoan parte hartu duten taldeek aurkezpen-kontzertua eskainiko dute. Izan ere, jaiak ofizialki astelehenean hasiko diren arren, txosna batzordekoek ekintzak bihartik aurrera antolatu baitituzte. Eta bihar hain zuzen, txosnaren muntaketa herrikoa egin asmoz, 17.00etarako deialdi orokorra egin dute. Herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte.

  Larunbatean, Egun morea ospatuko da Oñatiko Emakume Asanbladak antolatuta. Aipagarria, aurten lehen aldiz binakako frontefeminista txapelketa egingo dela. Domekan, 25 Irunberri oroituz diskoaren aurkezpen kontzertuarekin batera, eguerdian, ibilgailu klasikoen karabana eta erakusketa egingo dela. Astelehenean, txantxikuaren jaitsieraren aurretik, girotzeko Trikitxaranga kalejiran ibiliko da eta 19.00tatik aurrera  Euskal Herriko garagardoen dastaketa egin ahal izango da txosnan. Danborrada osteko manifestazioa, karaokea, gaupaseroen argazki erraldoia eta txokolatada ere antolatu dira irailaren 28tik 29rako gauerako.

  San Migel eguna, Gaztetxoen Eguna izango da eta hauek antolatutako ekintzak txosnagunean egingo dira, hori ere, aurten lehen aldiz. Tirolina, bazkaria eta jolasak izango dira. Eta lehen asteburu luzeko ekintzetako batzuen errepasoarekin amaitzeko, irailaren 30ean, bertso bazkaria eta herriko pilota txapelketako finalak azpimarratu dituzte Txosna Batzordeko kideek.

  Bigarren asteburuan, euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea ostiralean eta ekitaldia zapatuan iragarri dira.  Zapatuan, Antixeneko Gaztetxeko ateak zabalik izango dira bertan bazkaldu nahi dutenentzat. Bazkaria norberak eraman beharko du baina barra zabalik izango da. Domekan, kultur aniztasunaren eguna antolatu dute ACESMA elkartekoek eta bazkari karibearra eta Codigo Habana taldearen kontzertua izango dira, besteak beste. Eta astelehenean amaitzeko, kuadrilen arteko olinpiadak asmatu dira aurtengo.

  Azken bizpahiru urteetan bezala, aurten ere, eraso sexisten aurkako protokoloa martxan jarri du Txosna Batzordeak eta edozein motatako biolentziarik eta bereziki emakumeek jasan ditzazketen jarrera desegoki eta biolentorik ez dela onartuko azpimarratu zuten jai egitaraua aurkezteko atzo eman zuten prentsaurrekoan. Bide batez, gogorarazi zuten, antolatu diren bazkari ezberdinetarako txartelak, Boga, Arrano eta Ona tabernetan salgai daudela eta txosnagunean izaten den sukaldeko irabaziak, Berria egunkariarentzat izango direla aurten ere.

  Jaixen aurkezpen prentsaurrekoan Anton Losada ere oroitu nahi izan zuten Txosna Batzordekoek, urteetan udal brigadako arduradun gisa eskainitako laguntza eskertuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!