Inor erroldatuta ez dagoen etxe-jabeei, ondasun higiezinen zergan %100aren errekargua aplikatuko zaiela jakinarazten ari da udala.

2013/02/18
Urtarrilaren 1eko datuak eskutan, halako 526 kasu zerrendatu dira.

  Urriko Osoko bilkuran onartu ziren 2013ko ordenantza fiskaletan eta ondasun higiezinen gaineko zergari dagokionez hainbat hobari eta errekargu aplikatzea onartu zen. Hobarietan ez dago aparteko nobedaderik eta 2012an bezala, mantentzen dira. Baina errekargutan ohiko egoitza ez diren etxebizitzen kasuan, % 100neko errekargua aplikatzea onartu zen. Baita, arau orokor horretatik salbuetsita geldituko liratekeen 10 kasu edo egoera ere.

  Ohiko egoitza ez diren etxebizitzak identifikatzeko erroldara jo da eta urtarrilaren 1eko dataz, inor erroldatuta ez dauden etxebizitzen zerrenda osatu da. Zerrenda horretan, 526 etxebizitza jaso dira.

  Orain, etxe jabe horiei maiatzaren 15etik aurrera kobratuko den ondasun higiezinen zergan % 100aren errekargua aplikatuko zaiela jakinarazten ari dira. Herrian bertan bizi direnei, jakinarazpen agiriak eskura entregatzen ari dira eta kanpokoei berriz, posta zertifikatuz bidaliko zaie. Guztiei, erreklamazioren bat jarri nahi badute, martxoaren 15era arteko epea dutela ere adierazten zaie.

  Eta hasi dira udal bulegoetara lehen erreklamazio horiek iristen. Kontu egin behar da, lehen esan bezala, udalbatzak 2013ko ordenantza fiskaletan % 100aren errekargua aplikatzea erabaki zuenean, salbuetsita geratuko liratekeen 10 kasu edo egoera onartu zituela. Salbuetsita daude adibidez, erroldan inor agertu ez arren alokairu kontratua dutenak, zahar etxeetan erroldatuta dauden hirugarren adineko pertsonen etxebizitzak, babes berezi mailan deklaratutakoak, etxebizitzaren titularra hil denetik urte beteko epea igaro ez denean edota, babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenduna izan eta bertara bizitzera joateko epe barruan dagoena.
Halako baldintzaren bat betetzen duten etxebizitzen kasuan, erreklamazioa onartuko da. Beti ere, urtarrilaren 1eko data kontutan hartuta. 2013ko ordenantza fiskalen aplikazioaz ari garelarik, salbuetsitako egoera edo baldintzak 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen betetzen ote ziren begiratuko da.

  Ondasun higiezinen zergan errekargua aplikatzeko neurri honen helburua, hutsik dauden etxebizitzen alokairua sustatzea dela esan zen neurria onartu zen Osoko bilkuran.
Ondasun higiezinen gaineko zergaren kobrantza berriz, maiatzaren 15ean hasiko da eta erreklamazioren bat egin nahi duten etxe jabeek, esan bezala, martxoaren 15era arteko epea dute hori udal bulegoetan bideratzeko.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!