Iñigo Urkullu lehendakariak irekiko du Lege Soziologia Institutuko 25. urteurreneko Kongresua bihar.

2014/05/20
Card image cap
Ostiral arratsaldera arte 200 partaide baino gehiago bilduko dira Lege Soziologiaren erronka berriez eztabaidatzera.

  Bihar goizeko 9etan hasiko den Nazioarteko Kongresuaren inaugurazio ekitaldian goi mailako pertsonalitateek parte hartuko dute. Ekitaldia bera zuzentzen Iñigo Urkullu lehendakaria egongo da, esan bezala. Baina Josu Erkoreka Justizia Sailburu-ordeak, Iñigo Lamarka Arartekoak, Nekane Balluerka Nazioarteko harreman eta postgrado ikasketen errektore ordeak, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak, Mikel Biain alkateak eta Adam Czarnota Lege Soziologia Institutuko zuzendariak ere parte hartuko dute Kongresuaren inaugurazio ekitaldian.

  Aipagarria da 25. urteurreneko Kongresu honek lege soziologia arloan nazioartean erreferente diren zenbait ikerlari batuko dituela. Askok institutua ezagutzen dute jada, zuzendari, irakasle edo master ikasle izan direlako edo urtean zehar egiten dituzten mintegi zientifikoetan parte hartu dutelako. Dena den, Oñatira lehen aldiz datozenak ere izango dira. Guztira, 200 lagun baino gehiago elkartuko dira Kongresuak irauten dituen hiru egunetan zehar.

  Lege soziologia orokorrean hartuta izango da Kongresuaren aztergaia eta etorkizunera begira, lege soziologiaren erronka berriez eztabaidatuko da. Horretarako, aldi berean gauzatuko diren sei saio izango dira partaideen aukeran. Justizia transizionala; justiziarekiko sarbidea; heziketa juridikoa, geneko ikasketak, giza ezberdintasunak eta erakunde juridikoak, gazte delinkuentzia edota azken erreforma juridikoek Euskadin eragin dituzten ondorioak aztertuko dira besteak beste.

  Aldi berean esan bezala, gai ezberdinak jorratzeko aukera izango da. Horretarako, unibertsitate zaharreko aretoak ez ezik, udaletxea, kultur etxea eta Bake Leku elkarteko aretoak ere erabiliko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!