Ingurumen izaerako ekintzak diruz laguntzeko deialdia berriro egin du udalak.
Aurten lehen aldiz, ingurumenaren alde ekintzak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko talde eta elkarteei udal diru laguntzak eskuratzeko aukera eman zaie. Ekainean, diru laguntza hauek arautzeko oinarriak zehaztu ziren eta abuztuan berriz, eskaerak egiteko iragarkia argitaratu zen Gipuzkoako aldizkari ofizialean. Ez zen ordea inolako proposamenik aurkeztu. Abuztua, askorentzat opor garaia da eta halako tramiteak egiteko ez da unerik egokiena izaten.
Hausnarketa hori egin da ingurumen batzordean eta deialdi berria kaleratzea erabaki da. Hala, gaurko Gipuzkoako aldizkari ofizialean iragarkia berriro argitaratu da.
Udalak, 15.000 euroko diru partida dauka, udalerrian ingurumenaren aldeko ekintzak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko talde eta elkarteen artean banatzeko. Diru laguntzak, ingurumeneko gaiei buruzko heziketa, informazioa, ezagutza eta sentsibilizazioa hobetzeko jarduerak burutzeko eta hartara, ingurumena babestu edo berreskuratzeko lanak egiteko izango dira.
Interesa dutenek, eskaerak udal bulegoetan aurkeztu behar dituzte eta horretarako epea urriaren 26an amaituko da.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!